Sloclap-en proiektu berriak arte martzialen borroka zailak zein hilgarriak proposatzen ditu. PlayStation kontsoletan eta PC-an estreinatu da.
Arte martzialen zaleak Sifu interesgarriaren zain zeuden, eta azkenik estreinatu da Sloclap indie estudioaren bideo-jokoa. Kung-Fu borrokak eta mendekua dira obra berezi honen ardatzak; hori horrela, proiektua ezagutzera emateko eta estreinaldia ospatzeko trailer bereziak argitaratu dituzte arduradunek.
Alde batetik, jostagarritasun ikusgarria erakusteko balio duen bideoa zabaldu dute. Sifun zintzilikari magikoa duen protagonistaren kontrola hartuko dute jokalariek: horri esker hainbat abilezia desblokeatu, baina are garrantzitsuago, berpizteko aukera edukiko du. Berriz bizitzeak prezio bat dauka, baina: zahartzen joango da. Adinak gorputz ahulagoa baina esperientzia eta jakinduria ekarriko ditu, borrokak eraldatuta.
Umea zela bere aita hil zuten asasinoak akatzea izango da protagonistaren helburu nagusia. Horretarako, kokaleku desberdinak esploratu eta dozenaka etsairen aurka egin beharko du. Tentsioz betetako borroka latzak agintzen ditu Sifuk: garaipena lortzea ez da batere erraza izango.
Jokoaren trailerrarekin batera, benetako aktoreekin egindako film labur bikaina argitaratu dute arduradunek. Bederatzi minutuko iraupeneko bideoak jokoan aurkitzen denaren aurrerapentxoa da. Sekulako mailaren egindako trailerra da: benetan merezi du ikustea.
Sifu PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletan estreinatu da; horrez gain, PCan ere joka daiteke Epic Games Store saltokiaren bitartez.
Iruzkinak