Irailean bukatuko du Sloclap-ek beat ‘em up bikainaren adabakiekin. Jantziak eta eraldatzaileak ere gaineratuko dituzte.
Sifu 2022an kaleratutako bideojokorik berezienetakoa da. Argitaratu ostean Sloclap estudioko arduradunek ez dute atsedenik hartu, eta bideojokoa hobetzen nahiz handitzen jarraitu dute eguneratzeekin. Azkena, bosgarrena, iragarri dute orain: hondarrak zein erronka bereziak gehituko dizkio obra sarituari.
Kanpaina nagusiko kokalekuak inspirazio iturritzat hartuta eratutako sei hondar ikusiko ditugu. Bideoan klubeko edo museoko gune ezagunak, baina eraldatutakoak ageri dira. Horietan 75 erronka berri gainditzeari ekingo diogu; orain arteko gogorrenak izango direla diote arduradunek, “norbere mugak are urrunago eramatera behartuko gaituzten horietakoak”.
Ez dira eguneratzeak ekarriko dituen berritasun bakarrak izango. Bi jantzi edo itxura jasoko ditu protagonistak, eta hondarretako jokagarritasunari gatza eta piperra emateko aproposak izango diren 27 eraldatzaile edo tranpa prestatzen dabiltza garatzaileak.
Nola ez, aurreko eduki gehigarrietan gaineratutako ezaugarriak ere aktibatu ahalko ditugu berriekin batera.
Bosgarren edukia irailean argitaratuko da; eguna zehaztu gabe utzi dute. Azken eguneraketa hau zein aurreko guztiak doan eskura ditzakete Sifu erosi dutenek. Halere, Switch-eko bertsioa eduki berririk gabe geratuko dela dirudi bideoaren arabera.
Beat ‘em up klasikoen jokagarritasuna hiru dimentsioetara eraman eta roguelike kutsua ezartzen dio Sloclapen bideojokoak. Dozenaka borroka biziko ditugu, bata bestea baino zailagoa: ez da batere erraza izango abentura gainditzea. Maisuan, edo Sifun, bilakatzea eskatuko digu, mugimendurik hilgarrienak ikasiz, saihestea menperatuz eta ingurunea barneratuz.
Game Erauntsian Sifuk proposatutakoa sekulako abentura iruditu zitzaigun. Hauxe esaten genuen gure analisian:
Inolako konplexutasunik gabe lortzen du bere helburua Sloclapen azken proiektu honek. Borrokatzea proposatzen du; are garrantzitsuago, hori dibertigarria, desafiatzailea eta entretenigarria izatea bermatzen du. Arte martzialen zaleei benetan gustatuko zaien jokoa da, baina beste publiko zabalagoarengana iristea ere lor dezake Sifuk.
Sifu PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan zein ordenagailuetan joka daiteke. Bosgarren doako eguneraketa irailean estreinatuko da plataforma guztietan, Nintendo-renean izan ezik.
Iruzkinak