Jokalarien % 35,4k soilik gainditu du bigarren maila. Zailtasun maila berriak gehituko dituztela baieztatu dute Sloclap-ekoek.
Arte martzialen ametsa da Sifu. Amesgaiztoa batzuentzat, zailegia dela dirudi eta: 1.06 eguneraketarekin abenturako bi etsai nagusiren zailtasun maila orekatu dute Sloclap indie estudioko arduradunek.
Zehazki, bigarren eta hirugarren mailetako etsai handien borrokak erraztu dituzte; Sean eta Kuroki garaitzea errazagoa izango da orain. Ez da harritzekoa, bigarren maila horretan geratu baitira asko eta asko: PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletako garaikurren portzentaiak ikusita, jokalarien % 35,4k soilik gainditu du Seanen aurkako borroka; lehenengo mailako etsai nagusia, aldiz, % 82,6k garaitu du.
Argi dago beraz bigarren mailan ematen den zailtasun areagotzea gehiegizkoa dela jokalari askorentzat. Sloclapekoek badakite borroka latzak jokoaren oinarrietako eta ikurretako bat direla, beraz horiek mantendu, baina jende gehiagorentzat doitu nahi dituzte.
Horrekin lotuta, etorkizunean zailtasun maila hautatzeko aukera gehituko dutela aipatu du Pierre Tarno Sloclapeko sortzaileak Twitch-eko zuzeneko batean. Hasiera batean hori alboratu zuten arren, hainbat jokalarirentzat obra gainditzea ezinezkoa dela ulertzen dute berezko zailtasunarekin; hortaz, ahalik eta publiko zabalarengana iritsi nahi dute, orain arteko esperientzia mantenduta baina aldi berean nahi duenarentzat abentura erraztuta. Tarnok argi dio, dena den: “Sifu ez da ibilaldi batean bilakatuko”.
1.06 eguneraketa ez da zailtasuna orekatzera mugatzen: akatsak zuzendu, optimizazioa areagotu, errendimendua hobetu eta askotariko zuzenketak dakartza.
Sifu PC, PS5 eta PS4 plataformetan joka daiteke dagoeneko. Atzo bertan argitaratu genuen analisia Game Erauntsian; hauxe pentsatzen dugu Sifuri buruz:
“Inolako konplexutasunik gabe lortzen du bere helburua Sloclapen azken proiektu honek. Borrokatzea proposatzen du; are garrantzitsuago, hori dibertigarria, desafiatzailea eta entretenigarria izatea bermatzen du”.
Irakurri analisi osoa hemen.
Iruzkinak