Xbox kontsoletara zein Steam saltokira ere iritsiko da egun berean Sloclap estudioaren borroka joko izugarria.
Sifu 2022ko ezuste handietako bat izan ondoren, Sloclapeko garatzaileek are eduki gehiago gaineratu nahi dizkiote biribiltzen joateko. Martxoaren 28an hondarrak edo borrokalekuak gehituko dituzte doako espantsioaren bitartez PlayStation 5-eko, PlayStation 4-ko eta ordenagailuetako bertsioetan.
Bost modalitatetan banatutako bederatzi kokaleku berri bilduko ditu DLC-ak: horietan 45 erronka berezi gainditu beharko dituzte jokalariek.
Biziraupen partidetan ahalik eta gehien irautea izango da helburua; Errendimendu partidek perfekzioa bilatzera eramango gaituzte, berriz; Erlojupekoetan ahalik eta epe motzenean akatu beharko ditugu arerio guztiak; bukatzeko, Harrapaketa eta Ehiza modalitateek arau bereziak edukiko dituzte.
Edukiokin guztira “hamar orduko iraupena duen jokagarritasuna” inplementatuko dutela diote arduradunek.
Are garrantzitsuagoak dira, agian, Sifuren bertsio berriak: Xbox kontsoletan estreinatuko da eguneraketarekin batera, baita Steam saltokian ere, PCko jokalariek Epic Games Store-an jaso ondoren.
Erronkaz betetako borroka zailak dira nagusi Sifun: teknikak, saihesteak eta kontraerasoak menperatzea eskatuko digu behin eta berriro kokaleku berberak zeharkatuz eta gaindituz. Hala ere, Sloclapekoek sekulako jokagarritasun mekanikak eratu dituzte, joko ikagarria prestatuz. Horiek goraipatu genituen iaz Game Erauntsian idatzitako analisi sakonean:
Arte martzialen zaleei benetan gustatuko zaien jokoa da, baina beste publiko zabalagoarengana iristea ere lor dezake Sifuk. Eskaintzeko duena barneratzeko denbora soilik eskatzen du, hori bai: zertan datzan ikusita, sekulako ikuskizunean bilakatzen da.
Aipatu modura, Sifuren hondarrak nahiz bertsio berriak martxoaren 28an kaleratuko ditu Sloclapek.
Iruzkinak