Remake-arekin batera Silent Hill f, Silent Hill: Townfall eta Silent Hill: Ascension proiektuak ezagutzera eman dituzte aurkezpen berezian.
Silent Hill Transmission aurkezpen berezia egin dute Konamiko japoniarrek. Sagaren etorkizunari buruz hitz egin dute ia ordubete irauten duen bideoan: bertan, besteak beste, Silent Hill 2 maitatuaren berregitea iragarri dute.
Zurrumurru guztiak egiazkoak direla esan dezakegu. Bloober Team da remakea garatzearen lana hartu duen estudioa. Layers of Fear eta The Medium beldurrezko jokoen garatzaileak James Sunderland protagonistaren zoritxarreko penitentzia istorioa kontatzeari ekingo diote.
Blooberrekoekin batera egongo dira Masahiro Ito diseinatzailea eta Akira Yamaoka musikagilea. Nola ez, aldaketa esanguratsuekin etorriko da berregitea: atal teknikoa guztiz eraberritzeaz gain, Resident Evil modernoen antzeko sorbalda gaineko kamerarekin biziko ditugu bigarren Silent Hilleko berregindako amesgaiztoak.
Argitalpen data iragarri gabe utzi duten arren, plataformak zehaztu dituzte Konamikoek: kontsolen aldetik PlayStation 5-eko esklusiboa izango da Silent Hill 2 —urtebeteko epean, behintzat—, baina PC-ra ere iritsiko da. Are gehiago, dagoeneko fitxa propioa dauka Steam plataforman.
Bigarren jokoa da sagako zaleen kutunena: horregatik eman diote halako lehentasuna aurkezpenean. Hala eta guztiz ere, Silent Hilli lotutako askotariko proiektuak aurkezteari ekin diote japoniarrek.
Silent Hill f
Interesgarriena, zalantzarik gabe, Neoboards Entertainment taiwandarra prestatzen ari den Silent Hill f da. Estudioaren izena oso ezaguna ez bada ere, Resident Evil sagako azken jokoetan lan egindakoak dira Capcom-en agindupean: Resident Evil Re:Verse kaleratuko dute laster, eta Resistance ere prestatu zuten, RE2-ren eta RE3-ren remakeetan lan egiteaz gain.
Neoboardsekin batera Ryūkishi07 sortzailea egongo dela aurreratu dute: Higurashi no Naku Koro ni eta Umineko no Naku Koro ni bezalako nobela bisualen arduraduna da. Gidoiaz arduratuko da bera: girotze japoniarrera eramango gaitu SH f-k; zehazki, 1960ko hamarkadan igaroko da. Horrela, orain arteko herri estatubatuarretatik aldenduko dira.
Trailer zinematiko ikusgarriarekin egin dute iragarpena: ez dute ez argitapen datarik, ez plataformarik zehaztu.
Silent Hill: Townfall
Argi dago Konamik ez duela estudio propiorik bildu nahi Silent Hilletan lan egiteko. Aurkeztutako beste jokoetako bat Annapurna Interactive indie argitaletxearen esku egongo da: No Code estudio eskoziarra arduratuko da Silent Hill: Townfall sortzeaz.
Estetika misteriotsu zein ederra daukala alboratuta, ezer gutxi dakigu Townfalli buruz. Ziurrenik hau da orain egun batzuk aipatu zen atalkako bideojokoa. Aurreko tituluarekin gertatu modura, ez dago kaleratze egunik ez plataformarik.
Silent Hill: Ascension
Bideojokoekin bukatzeko, proiektu bitxia ikusi dugu aurkezpenean. Genvid Entertainment estudioa ari da Silent Hill: Ascension garatzen: “streaming bidezko esperientzia elkarreragilea” izango dela diote.
Modu horretara, jokalariek elkarrekin erabakiak hartzeko aukera edukiko dutela dirudi. Itxura batean, zuzenekoen bidez jokatuko den abentura kooperatiboa dela esan daiteke, baina auskalo.
Dagoeneko webgune propioa dauka Ascensionek: 2023an estreinatuko da.
Zinemara itzuliz
Aipatutako jokoez gain, Silent Hillen unibertsoan girotutako filme berria aurkezteko baliatu ziren emanaldi bereziaz. Return to Silent Hill izenarekin, Christophe Gans zuzendariaren esku egongo da.
Iruzkinak