Ustekabean argitaratu dute Konami-k eta Bloober Team-ek
Xboxeko jokalariek Silent Hill 2 jaso dute. Konamiren beldurrezko joko maitatuaren berregitea Xbox Series X eta S kontsoletan joka daiteke.
Zurrumurruz inguratuta, baina ustekabean —eta merketuta— iritsi da bertsio berria; aurretik, PCan nahiz PlayStation 5 gailuan ibil gintezkeen.
Bloober Team taldeak grafikoki eraberritutako remake fidela sortu du 2001. urtean Silent Team taldeak PS2an argitaratutako originala hartuta. James Sunderland protagonistaren bidaia jarraituko dute jokalariek: zendutako emaztearekin une ederrak bizitako Silent Hill herrixkara joango da, eta, bertan, Mary emaztearen sekulako antza duen Maria ezagutuko du, baita behelainoak inguratutako misterioak aurkitu ere.
Iragarpen kaxkarra bizi izan bazuen ere, berregiteak balorazio eta iritzi bikainak jaso zituen prentsaren zein zaleen aldetik iaz estreinatu zenean —Steam plataforman, esaterako, nota “ikaragarri baikorra” dauka erosita dutenen aldetik—. Salmenta aldetik ere arrakasta hutsa izan da Konamirentzat, 2,5 milioiak gaindituta.
Arrakastaren ostean, Xbox Series bertsioa prestatu dute Konamikoek, baina ez hori bakarrik: Silent Hill originalaren berregitea prestatzen hasiak dira, beste behin, Bloober Teamekin elkarlanean. Aurrerapen txikiarekin iragarri zuten ekainean, baina ez dauka argitaratze datarik. Ezin gaitezke ahaztu irailean estreinatutako Silent Hill f berriaz: Japonian girotutako tituluak ere balorazio apartak eskuratu ditu.
Silent Hill 2 Remake Xbox Series X zein S kontsoletan argitaratu da. Gainera, PCan eta PS5ean joka daiteke.
Originala, euskaraz
Berregiteek ez dituzte originalak desagerrarazten. Hori esanda, Silent Hill 2 maisulana euskaratuta dagoela gogoratzea ezinbestekoa da: Zital zaleak egindako lanari esker gaindi dezakegu Jagobaren (Jamesen) abentura gure mintzairan.
Euskaratzeko jarraibideak eta informazio guztia artikulu honetan irakur daitezke.
Lander Unzueta
Iruzkinak