Ebisugaoka hirira bidaiatuko dugu oraingoan. Bigarren bideo zinematikoa eskaini digu Konami-k, baina ez daukagu argitaratze datarik.
Silent Hill Transmission aurkezpena antolatu du Konami talde japoniarrak. Silent Hill f bideojokoaren bideoa aurkeztu du bertan: behelainoaren madarikazioa Japonian bizitzera eramango gaitu.
Trailer zinematikoa ikusteko aukera eduki dugu, inolako jokagarritasunik gabe; hala eta guztiz ere, titulu berriaren girotzea ezagutzeko balio izan digu. Silent Hill baino, 1960. urteko Ebisugaoka hiria ezagutuko dugu —Gero prefekturan kokatzen den Kanayama hirian oinarritzen omen da—.
Hinako Shimizu neska gaztearen rola jokatuta, behin bere jaioterria zena amesgaiztoan bilakatuko da. Sagaren ohiko gaiak landuko ditu tituluak; hots, zalantzek, damutzeek edo erabakiek inguratuko dute gure protagonista.
Forbidden Siren edo Fatal Frame izugarriak gogora ekartzen ditu f honek: galdutako herrixka japoniarrean bertako mitologiari lotutako munstroan eta bestelakoak aurkituko ditugu. Puzzleak gainditzea eta beldurroi aurre egitea proposatzen digu jokoak, zelan ez, egileek diotenaren arabera.
NeoBards Entertainment estudio taiwandarra beldurrezko jokoen hainbat izen ezagunekin batera elkartu dute Konamikoek Silent Hill berria garatzeko. Ryukishi07 japoniarra arduratuko da istorioaz, esaterako: Higurashi no Naku Koro ni eta Umineko no Naku Koro nobela bisual arrakastatsuen egilea. Akira Yamaoka musikagilea itzuliko da, bestalde, SHren soinu banda eratzeko asmoarekin.
Frankiziaren berpizkundeaz gozatzen dabiltza zaleak, baita Konamirena ere. Orain gutxi estreinatutako Silent Hill 2ren berregiteak ikaragarrizko balorazioak jaso ditu bai jarraitzaileen, bai prentsaren aldetik. Gainera, Silent Hill: Townfall jaso behar dugu oraindik: No Code estudioa garatzen ari den spin-off abentura.
Tamalez, oraindik ez dugu argitalpen eguna ezagutzen. Plataformak, bai: PC, PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetan estreinatuko da Silent Hill f.
Iruzkinak