1999. urteko klasikoa bigarren tituluaren remake-aren ondoren garatuko da. Ez dauka argitaratze datarik, ezta plataformarik ere.
Silent Hill Remake proiektua aurkeztu da Konami Press Start aurkezpenean. Bloober Team zein Konami berriz elkartu dira beldurrezko joko originalaren berregitea garatzeko.
Xehetasun handirik eman gabe egin dute iragarpena, aurrerapen bideo motza utzita. Hala eta guztiz ere, iaz estreinatutako SH2ren berregitearekin egindakoaren antzeko lana espero da.
1999. urtean jaso genuen lehen SH abentura; 2009an Silent Hill: Shattered Memories jokoarekin bertsio alternatiboa ikusi bagenuen ere, klasikoa bere horretan berregiten duten lehen aldia da Konamikoentzat.
SH2 Remakekin lortutako emaitza onek beste berregite bat ahalbidetu dutela dirudi: bi milioi salmentak gaindituta, japoniarrentzat arrakasta hutsa izan da. Garapena hasi baino ez dutela egin esan daiteke, hori bai: aurrerapenean ez dugu bideojokoaren ezer ikusi.
Aurretik Silent Hill f desiratua jasoko dugu: irailaren 25ean merkaturatuko da Japonian girotutako beldurrezko abentura. PS5, Xbox Series eta PC plataformetarako prestatzen dabiltza.
Iruzkinak