Konami-ren beldurrezko sagaren zurrumurruek areagotzen jarraitzen dute: hurrengo tituluak atalkako formatua edukiko duela diote.
Game Rating and Administration Comitee Koreako adinkako sailkapen erakundeko zerrendetan Silent Hill ezezagun bat agertu dela jakitera eman dute zaleek. Silent Hill: The Short Message izenburua dauka Konami enpresa japoniarraren titulu berriak.
Gematsu agerkarian zehaztu dutenez, zerrendan azaltzen den argitaletxea UNIANA da: hau da, hain zuzen ere, Konamiren lanak Korean argitaratzeaz arduratzen den banatzailea. Hori horrela, eta erakunde ofizial bati buruz hitz egiten gabiltzala kontuan hartuta, informazioa egiazkotzat jo dezakegu.
Silent Hill berri honen aurkezpenaren zain baino ez gara gelditu behar, beraz. Aspalditik entzun ditugu jarraipenen inguruko zurrumurruak; egia esan, hiru bideojoko prestatzen dabiltzala aipatu izan da. Lehenik, Korean agertutako The Short Message hau daukagu. Dirudienez, atalkako formatua izango luke: hori horrela, Resident Evil 2 Revelations bezalako jokoen egitura jarraituko duela dirudi.
Bigarrenik, Sakura izeneko proiektua hedatu da sareetan. Antza denez, Silent Hillen berpizkundea abiarazteko garatutako bideojoko txikia izango litzateke; are gehiago, doako lana izango dela diote insider-ek.
Azkenik, horrenbeste entzundako Silent Hill 2-ren berregitea izango genuke. Hau Bloober Team garatzen ariko litzateke: The Medium edo Layers of Fear bezalako beldurrezko tituluen arduradunak dira. Azken titulu hau ia baieztatuta dagoela esan daiteke: Blooberrekoek IP ezagun batean lanean dabiltzala iragarri zuten, eta horren ondoren Konamirekin elkarlana abiatu zutela adierazi.
Momentuz, zaleek itxaron egin beharko dute aipatutakoak egia ote diren ezagutzeko, hori bai.
Iruzkinak