Erresuma Batuko St. Amelia kostaldeko herrixkan kokatuko da. 2026an iritsiko da PCra eta PS5era.
Konami eta Annapurna Interactive enpresek Silent Hill: Townfallen lehen xehetasunak eskaini dituzte. Lehen pertsonako beldurrezko abentura izango da.
Screen Burn Interactive estudioa garatzen ari den lana aurten kaleratuko da ordenagailuetan zein PlayStation 5 kontsoletan. Silent Hill globalizatzen jarraitzen dute: oraingoan, Erresuma Batura bidaiatuko du behelainoak. Zehazki, Eskoziako St. Amelia kostaldeko herrixkan kokatuko da abentura: Simon Ordell misteriotsuaren rola jokatuko dugu.
Beldur psikologikora itzuliko da frankizia: galdutako herrian munstroak eta amesgaiztoak dira nagusi. Gaixotasunak eta galerak izango dira, beste behin, Silent Hillen ardatzetako bat, iraganeko oroitzapenekin eta damuekin batera.
Lehen pertsonan St. Amelia esploratzen ibiliko gara: sakelako telebista txikia erabilita etsaiak aurkitzeko eta puzzleak gainditzeko gai izango da Simon. Borroketan, ukabilkada zein pistolak erabilita ariko dela erakutsi digute egileek, duelu latzak eta beldurgarriak bizita.
Silent Hill biziberritzeko gogor ari da lanean Konami. Bigarrenaren berregitea zein Silent Hill f pozik hartu dituzte jokalariek; ez da gauza bera gertatu Silent Hill: The Short Message bezalakoekin. Hala ere, hirugarrenen estudioekin elkarlanean unibertso beldurgarria eratzen jarraituko dutela dirudi.
Are gehiago, Townfallekin batera beste SH bat garatzen dabiltza egun: 1999. urteko Silent Hill originalaren berregitea ikusiko dugu Team Bloober-en eskutik.
Silent Hill: Townfall aurten estreinatuko da PCan eta PS5ean.
Lander Unzueta
Iruzkinak