PC-rako zein PlayStation eta Xbox kontsoletarako kaleratuko dute EA-koek. Jokagarritasun bideoaren filtrazioa egin dute zaleek.
Skate sagako laugarren atalari buruzko berritasunak eskaini dituzte Electronic Arts-ek eta Full Circle-k. Tituluaren izenburu ofiziala Skate izango da, hutsean: dohainik jokatu ahalko dugu, baina hori bai, zerbitzu bideojoko bezala prestatzen ari direla adierazi dute arduradunek.
Hortaz, etengabeko eguneraketak jasoko dituen proiektuaren aurrean gaude. Ez hori bakarrik: mikrotransakzioak eta beste motatako ordainpeko edukiak ere ikusiko ditugu Skate berrian. Arduradunek adierazi dutenez, eduki hauek estetikoak baino ez dira izango, eta ez dute jokagarritasunean inolako eraginik edukiko. Hori bai, ez dute altxor kutxa bidezko ordainsaririk eskainiko.
Adabakien bidez elementu zein ezaugarri berriak gehitu, akatsak zuzendu, mekanikak eraberritu eta modalitateak nahiz ekintzak gaineratu gura dituzte garatzaileek. Modu horretara, “jokalariak itzuli eta gauza berriak ezagutzea” bilatzen dute.
Laugarren jokoak “frankiziaren iraultza” suposatuko duela nabarmendu nahi izan dute prentsa oharrean. San Vansterdam deitutako hirian ariko gara gure skatearekin trikimailuak egiten; aurreko ataletako hirien antzeko estiloa jarraituko du.
Nola ez, Skaten zaleek ez dituzte berritasunak modu onean jaso. Frankiziaren itzulerarako beste zerbait espero zuten —aurreko jokoetan ikusitakoarekin jarraitzea, besterik gabe—, beraz EAkoak prestatzen dabiltzanak arrakasta izango ote duen ikusteko itxaron egin beharko dugu.
Orain egun batzuk alfa bertsioaren jokagarritasun bideoak filtratu ziren sarean. Gameplayak ikusita agerikoa da oraindik lan asko falta dela garapena bukatzeko; gaur egun build berriagoren bat edukiko dute ziurrenik, baina momentuz ez dugu irudi ofizialik jaso.
Plataformak baieztatu dituzte, hori bai: ordenagailuetan, PlayStationen eta Xboxen jokatu ahalko dugu —kontsolen kasuan ez dute aurreko belaunaldirik aipatu—. Plataformen arteko joko gurutzatua ahalbidetuko du jokoak, baita aurrerapen gurutzatua ere. Argitaratze datari dagokionez, “prest dagoenean” argitaratu nahi dute.
Iruzkinak