Early access fasea kontsoletan zein PCan osatuko dute. Urtebeteko epean garapena bukatzeko asmoa daukate Full Circle eta EA taldekoek.
skate. desiratuak aurretiazko sarbide fasea abiatuko du irailaren 16an. Bideojokoaren azken bertsioarekin gertatuko den modura, early accessa debalde eskainiko du Electronic Arts-ek.
Ordenagailuetan eta PlayStation 5, Xbox Series, PlayStation 4 nahiz Xbox One kontsoletan gozatu ahalko da skateboarding titulu eguneratuaren aurretiazko sarbideaz. Oinarrizko eduki guztiak batuko dituela aurreratu dute Full Circle estudioko garatzaileek: Flick-It izeneko trikimailu sistema gaurkotuarekin batera San Vansterdam hiria libreki esploratu ahalko dugu.
Multijokalarira bideratutako lana da skate. 150 jokalariko gaitasuna izango du zerbitzariko: elkarrekin, edo, bakoitzak bere bidetik, misioak, erronkak eta ekimen bereziak bizi daitezke.
Early accessean eskaintzeko erabakiari dagokionez, “hasiera batetik jokalariekin batera elkarlanean eraiki beharreko jokoa dela” diote egileek; izan ere, hiru urtez zenbait probaldi burutu dituzte komunitatearekin batera, eta proiektuaren atal berriari bide beretik heltzeko gogoak dituzte.
Jokoaren 1.0 bertsioak ez dauka zehaztutako datarik, sarbide goiztiarrean jokoak eboluzionatzea, haztea eta hobetzea espero baitute. Alabaina, urtebeteko epean skate. guztiz bukatuta egotea espero dute EAtik.
Probaldia doakoa izango den bezala, gauza bera gertatuko da azken bertsioarekin: musutruk eskuratzeko eta jokatzeko eskainiko diote komunitateari. Hori dela eta, jokoa eduki gehigarriekin eta DLCekin hedatzen eta mantentzen joango direla aurreikusten da.
Irailaren 16an PCan, PlayStationen zein Xboxen estreinatuko da skate.
Iruzkinak