Sam Eng garatzaileak deabruen aurka jarriko gaitu skate gainean. PC, PlayStation 5 eta Switch 2 gailuetara helduko da.

Skate Story desiratuak behin betiko argitalpen data jaso du. Devolver Digital argitaletxeak abenduaren 8an estreinatuko duela iragarri du bideo berriaren bitartez.

Monopatinarekin infernua zeharkatzera eramango gaitu Sam Eng sortzailearen tituluak; izan ere, kristalezko deabruaren rola jokatuko dugu. Gure helburua: ilargiraino iristea eta hau irenstea aske izateko.

Irristatzen ikasten gabiltzala infernuko gune beldurgarri bezain ederrak bisitatuko ditugu, deabru hilgarriak akabatzen —harritzen, gutxienez— eta bertako bizilagunei laguntzen ari garen bitartean. Bederatzi eraztunetatik zehar taulak, gurpilak eta trikimailuak erosteko arimak lortuko ditugu, gure iaiotasuna areagotuz proba zailagoak gainditzeko.

Tony Hawk onirikoa eta fantastikoa, laburbilduz: hurbilagoko kamerarekin Skate bezalakoak gogora ekar ditzake, baita, baina bere xarma eta berezitasunak ditu, argi eta garbi, indie bideojokoak.

Guztia aurkezpen zoragarriarekin biltzen du Engek: estetika eroa eta mundu bitxi zein erakargarria Blood Cultures eta John Fio musikagileek prestatutako soinu banda itzelarekin batzen da Skate Storyn.

Estreinatu aurretik probatzeko aukera daukagu, gainera: atzo abiatutako Steam Next Fest ekimeneko demoen artean dago.

Ordenagailuetan nahiz PlayStation 5 eta Nintendo Switch 2 kontsoletan estreinatuko da Skate Story abenduaren 8an.