Taula gaineko abentura bitxia ordenagailuetarako iragarrita zegoen. Aurten kaleratzea espero da.

Sam Eng garatzailearen Skate Story PlayStation 5era iritsiko da. Devolver Digital argitaletxeak Sony-ren kontsolarako bertsioa trailer berriaren bitartez aditzera eman du.

2022ko ekaineko Devolver Marketing Countdown to Marketing aurkezpenean ezagutu genuen lehen aldiz Skate Story. 2023an merkaturatzeko asmoa zegoela jakin genuen… eta, tira, ez da horrela izan. PCko bertsioa kaleratu gabe jarraitzen du Engek; printzipioz, PS5erako jokoarekin batera ikusiko dugu aurten.

Kristalez eratutako skaterrean bilakatuko gara. Gure helburua: deabruarekin hitzartutako akordioa betetzeko infernua zeharkatzea. Gune harrigarrietan barneratuta, trikimailuak burutu beharko ditugu bizirauteko, bidean pertsonaia eroekin topo eginez.

Atal estetiko ikusgarri bezain bitxiarekin, bai ala bai probatu beharreko joko horietakoa izango da Skate Story. Esan bezala, 2025ean ikusi beharko genituzke bai PS5eko, bai PCko bertsioak.