Piraten jokoa aurtengo zergaldian argitaratu gabe geratuko dela adierazi dute arduradunek. Garapen prozesua aurrerapen egokia izaten ari da.
Assassin’s Creed IV: Black Flag asasinoen sagako atalik onenetakoa izan zen zale askorentzat. Itsasoko mekanika eta ezaugarrien ondorio zuzena da hori: pirata baten kontrola hartu eta itsasontzian aritzeko aukera ematen zuen abenturak. Girotze horretara pare batez itzuli ziren arren, Ubisoftek asasinoen istorioak albo batera utzi eta piraten giroa soilik hartzen zuen Skull & Bones iragarri zuen 2017an.
Orain lau urte erakutsiko bideo-jokoa da, baina halere argitaratze datarik gabe jarraitzen du, printzipioz 2018 bukaeran estreinatu behar zen arren. Are gehiago: beste behin atzeratzeko erabakia hartu dutela baieztatu dute frantsesek.
Egungo zergaldian kaleratu gabe geratuko dela adierazi dute. Hortaz, 2022ko apiriletik aurrera helduko da saltokietara. Erabaki hauek jokoaren garapena eskas doala pentsarazten badute ere, Frederick Duguet Ubisofteko finantza zuzendariak “azken hamabi hilabeteetan garapen prozesua aurrerapen egokia izaten ari dela” adierazio dio VGC webguneari: “promesa inoiz baino hobea da. Denbora gehigarri honek taldeari bere ikuspegia gauzatzeko aukera emango dio”.
Yves Guillemot Ubisofteko zuzendaria ere mintzatu da Skull & Bonesen inguruan: “egiten ibili garena Skull & Bonesen taldeari behar besteko indarra ematea izan da beraiekin elkarlanean ari diren estudioen kopurua areagotuta, beraz une honetan talde handi bakarra ari da jokoa garatzen”.
Jokoa iragarri zenetik garapen prozesuan hainbat arazo bizi izan dituzte: iaz Hugues Ricour jokoaren zuzendaria sexu abusuengatik kaleratu zuten, eta aurretik garapena atzera bota eta zerotik hasi behar izan ziren. Multijokalariaren tamaina handituz joan da gainera, eta horren ondorioz une honetan sei bat estudio ari dira Ubisoft Singaporerekin elkarlanean jokoa prest edukitzeko.
Skull & Bones PC, PS4 eta Xbox One plataformetarako iragarrita dago; garapen prozesuak aurrera jarraitzen duenez belaunaldi berriko kontsoletan ere argitaratzea aurreikusten da.
Iruzkinak