The Elder Scrolls IV: Oblivion osoa Skyrimen grafikoekin jokatzea lortu nahi dute zaleek.
2012. urtean The Elder Scrolls RPG sagaren zale talde batek Skyblivion proiektua abiarazi zuen. Zortzi urte igarota oraindik bide luzea dute aurretik, baina orain arte egindako aurrerapenen berri emateko garatzaileen egunerokoa argitaratu dute arduradunek.
Skyblivionekin, izenak adierazten duen bezala, The Elder Scrolls IV: Oblivion bosgarren atalera eraman nahi dute. Horrela, Skyrimek erabilitako Creation Engine motor grafikoarekin Oblivion guztia berregingo du 50 zale baino gehiagoz osatutako taldeak.
Egunerokoan azaltzen dutenez ez dute Oblivionen berregite zehatza sortu nahi. Izan ere, Oblivion garatzerakoan munduaren geografia ausaz sortutakoa da; horregatik paisaietan aldaketak egiten ari direla adierazi dute. Hala ere, jatorrizko jokoaren zaleak “etxean egongo balira bezala” jokatu ahalko dutela azpimarratu dute.
Interfazean ere aldaketa handiak egongo dira. Oblivionen jatorrizko interfazea berriztatzeari ekin zioten hasieran, baina asmo hori albo batera utzi eta Skyrimeko UIa egokitzeko erabakia hartu dute garatzaileek.
Modaren garapena aurrera doan arren zaleen laguntza ezinbestekotzat jo dute: “Elder Scrollsen mod sortzaileen komunitatearen elkarlanarekin soilik lortu dezakegu Skyblivion garatzea”.
Parte hartzeko prest dauden artista, animatzaile, programatzaile eta bestelakoek esteka honetan izen emateko aukera dute.
Iruzkinak