Zortzi jokalari elkarrekin ibili ahalko dira Skyrimeko lurraldeak esploratzen Tilted Online taldeak sortutako lan honi esker.
Bethesda-k 2011. urtean argitaratutako The Elder Scrolls V: Skyrimek bideojokozaleen artean maitatua nahiz jokatua izaten jarraitzen du gaur egun. Horren zergati nagusia, abentura erakargarria izateaz gain, modentzako euskarrian datza: komunitateak dozenaka ezaugarri interesgarri gaineratu dizkio RPG jokoari. Hurrengoa, multijokalari kooperatiboa izango da: Tilted Online taldeak bere Skyrim Together Reborn jarraitua ostiral honetan ofizialki kaleratuko duela jakitera eman du.
“Garapen prozesu luze baten ostean, Skyrim Together Reborn argitaratzeko ia prest dago”, adierazi dute arduradunek Reddit sare sozialean. Luzea, benetan: 2019an berrabiarazi zuten modaren garapena, baina aurretik hasita eduki zuten, era guztietako arazoekin eta oztopoekin topo eginda.
Zer ahalbidetuko du multijokalarira bideratutako tresna honek? Zortzi lagun elkarrekin ibili ahalko dira Skyrimen jokatzen. Hau da, kanpainako misio guztiak batera gaindituko ahalko dira: pertsonaiak, izakiak, misioak, erronkak, objektuak eta askoz gehiago sinkronizatuta egongo dira abenturazaleen artean.
NPC batekin hitz egiterakoan, esate baterako, mugak daude: taldeko buruzagia izango beharko da hauekin hizketaldian hasi beharko dena gainerako jokalariek entzun dezaten. Gauza bera gertatzen da erabakiekin: buruak hartuko ditu, eta ondoren gainerakoek jasoko dute erantzuna.
Jokalari bat hiltzerakoan sortzen ziren arazoak konpondu dituztela diote: orain, jokoa berriz kargatu beharrean, beste jokalarien inguruan agertuko da berriz hildakoa. Zailtasunari dagokionez, zerbitzariak ezarriko du maila: garatzaileek “aditua” zailtasun mailan jokatzea gomendatzen dute, Skyrim ez baitago prestatuta horrenbeste lagun elkarrekin arerioak akatzen ibiltzeko.
Menu gehienetara sartzerakoan, jokoa ez da geldituko: aldaketa azkarrak egiteko jokoak martxan jarraitzea erabaki dute arduradunek. Hori bai, mapara, gordetzeko menura eta beste hainbat ataletara sartzerakoan jokalari guztien partida etengo da.
Mugekin eta oztopoekin
Hala eta guztiz ere, akatsak barra-barra ikusiko ditugu. Garatzaileek argi diote: ez espero mod perfektua. “Jokoa batzuetan itxi egingo da, misioak puskatu egingo dira, akatsak egongo dira. Hau ezin daiteke konpondu”, diote. Izan ere, jokalari bakarrarentzako jokoa jatorrizko kodea gabe multijokalarian bilakatzea ia ezinezkoa dela gogoratzen dute Tilted Onlinekoek.
Ostiraleko bertsioa beta bat izatea aurreikusita zeukatela aipatzen dute garatzaileek: “Bai, argitalpen hau beta bat izango zela esan genuen. Hala ere, azken momentuko hobekuntzak egiteko gai izan gara, eta horren ordez argitalpen osoa egiteko prest gaude orain (1.0 bertsioa). Astebete beharko dugu dena prestatzeko”.
Skyrim Together Rebornek jatorrizko tituluaren bertsio bakar batekin funtzionatuko du soilik: kooperatiboan aritzeko ezinbestekoa izango da Skyrim Special Edition 1.6 adabakiaren Steam-eko bertsioa. “Errealitate birtualeko, kontsoletako, Legendary Edition eta Xbox Gamepass bertsioak ez dute euskarririk, eta ez dute inoiz jasoko”.
Gainerako modekin batera erabili ahalko da, hori bai; hala ere, batzuekin arazoak egongo dira, eta hauek identifikatzea komunitatearen lana izango dela dirudi. Kooperatiboan beste modekin ondo jokatzeko, ordea, ordena berean aktibatu beharko dituzte jokalariek.
Aurretik argitaratutako Skyrim Together mod zaharrarentzako —Harbor izenarekin ezagutzen dena— euskarria bukatu egin dela azpimarratu dute, gainera: zerbitzariak, deskargak zein wikia ezabatu dituzte. Mod berria kode irekikoa izango da; hori horrela, Skyrim Together Reborn komunitatearekin elkarlanean hobetzen eta handitzen jarraitzeko asmoa agertu dute Tilted Onlinekoek.
Gauza bera gertatzen da Fallout 4-rentzako Fallout Together modarekin: garapena Skyrimekoan fokuratzeko eten badute ere, etorkizunean joko honi kooperatiboa gehitzeko lanean jardungo dute.
Informazio guztia Tilted Onlinekoek prestatu duten gida zabalean aurki daiteke. Esan bezala, Skyrim Together Reborn ostiral honetan, uztailaren 8an, argitaratuko da.
Iruzkinak