Urte bukaerarako prest edukitzea zen Mega Crit estudioaren asmoa, baina jokoa findu nahi dute publikoki kaleratu aurretik.
Slay the Spire 2ren aurretiazko sarbidea geroratzeko erabakia hartu du Mega Crit garatzaile independenteak: 2026ko martxoan abiatuko dutela iragarri dute Steam-eko jokoaren orrialdean.
“Barne eztabaida askoren ostean, Slay the Spire 2ren sarbide goiztiarra 2026ko martxoko ostegun sekretu batera mugitzeko erabakia hartu dugu”, diote bertan. Aurtengo udazkenean argitaratzeko helburua zuten sortzaileek, baina “oker ibili” direla aitortu dute: “Denbora gehiago behar genuen”.
Hala ere, dramak eta arazoak alboratu dituzte: ez Silksong, ezta merchandising kontuak, ez da halakorik gertatu. Langileen bizitza pertsonala, gauza gehiegi sartzeko grina… azkenean, garapena korapilatu, eta taldearen “mailara iristeko fintze lanak beharrezkoak” direla azaldu dute.
Barkamena eskatu nahian, orain arte prestatu dituzten berritasunak azaltzeko aprobetxatu dute, eta asko dira. Ekinaldi alternatiboak biziko ditugu, adibidez: Slay the Spire 2n ekitaldi berri batean sartzerakoan, bi ekinaldi desberdin agertu ahalko zaizkigu. Bioma, etsai, oztopo eta ekintza desberdinak ikusiko ditugu bakoitzean, ausazkotasuna areagotuz.
Wiki webgune berria daukatela ere aipatu dute egileek, aurreko Fandom gunea alboratuz, bi jokoetako informazioa biltzeko helburuarekin. Oraindik egiteko lan asko dagoenez, komunitatearen laguntza eskatu dute.
Kartak, fantasia girotzea eta roguelike mekanikak batzera dator Slay the Spire 2. Aurreko jokoa deckbuilder tituluen artean maitatuenetakoa da, milaka jokalari erakartzea lortuta.
Aurretiazko sarbidea martxoan hasiko dute, oraingoz, PCrako bakarrik.
Iruzkinak