Jokagarritasun trailer dibertigarria aurkeztu dute Mega Crit-ekoek. Roguelike elementuekin jarraituko du.

Mega Crit indie estudioak Slay the Spire arrakastatsuaren jarraipena erakutsi du, lehen aldiz jokagarritasun irudiak aurkeztuta.

Zein da Slay the Spire 2n garaipena eskuratzeko estrategiarik aproposena? Tira, hori irakatsi nahian dabiltza egileak. Ibilbide egokiak aukeratu beharko ditugu, guretzat egokiak diren borroketan parte hartuz, eta karta zein harrapakin interesgarrienak lortuz.

Roguelike izaera dauka Slay the Spire 2k, noski: hortaz, partida bakoitzari hasieratik ekin beharko diogu, baina egindako aurrerapenez baliatuz. Oraingoan kontrolatuko ditugun heroiak ere aurkeztu dituzte garatzaileek: Ironclad, Silent, Necrobinder eta iragarri gabeko laugarren protagonista ditugu hautatzeko.

Sarbide goiztiarrean kaleratzeko asmoa daukate Mega Critekoek: datorren urtean —”oraindik”, diote— erosi ahalko dugu aurretiazko sarbidean.