PC bertsioa iritsiko da lehenengo. Kartak, kooperatibo modalitateak eta gehiago eskaini ditu.
Mega Crit estudioak Slay the Spire 2 martxoaren 5ean kaleratuko duela aditzera eman du. Aurretiazko sarbidea abiatuko da egun horretan.
Steam bidez jokatu ahalko da early access fasean. Roguelike karta joko ezagunaren jarraipenak oinarri berberak mantenduko ditu, aldi berean, atal grafikoa osorik berriztatuta eta aukera berriak gaineratuta. Datarekin batera, modalitate berria aurkeztu dute egileek: kooperatiboa.
Lau lagun batera murgil daitezke StS2ren ibilbide aldakorretan barrena. Multijokalarirako bereziki prestatutako kartak egongo dira; itxura batean, hauekin sinergia boteretsuak aktibatzeko aukera edukiko dute jokalariek. Bost pertsonaien artean hautatu ahalko da, bakoitza berezko berezitasunekin eta indarguneekin.
Ekinaldi alternatiboak izango dira bigarren atalaren beste berritasunetako bat. Ekitaldi edo atal berrian sartzerakoan, bi aukera agertuko zaizkigu, ausazkotasuna areagotuta, bioma, etsai, oztopo eta ekintza desberdinekin.
Jokoaren datuak eta estatistikak biltzeko wiki webgune berria eratu dute egileek, gainera, Fandom orrialdea alboratuta. Komunitatearekin elkarlanean elikatuko dute aurretiazko sarbidea abitzerakoan.
Pasa den urte bukaeran iragarri zuten martxora berandutzeko erabakia, denbora gehiago behar zutela aldarrikatuta. Aurretiazko sarbideak urte t’erdi inguru iraungo duela aipatzen da; ohi bezala, jokalarien feedbacka jaso nahi dute edukiak eta mekanikak orekatzeko, bizitza kalitate aukerak inplementatzeko eta jokoak arazorik gabe funtzionatzen duela ziurtatzeko.
Slay the Spire 2 martxoaren 5ean argitaratuko da aurretiazko sarbidean.
Lander Unzueta
Iruzkinak