Birkonpilazio proiektua “laster” kaleratuko da, Nintendo 64ko klasikoaren aurkezpena zaharberrituz eta eduki berriak gehituz.

Super Smash Bros. 64 borroka jokoak birkonpilazioa jasoko du. SrBananaMan64 zaleak gidatutako taldeak aurkeztu du Smash 64: Recompiled proiektua, N64ko titulua moldatzeko eta eraldatzeko asmoarekin.

Iragarpen trailerrean egokitzapenaren edo port-aren edukiak eta txukunketak zehaztu dituzte. Pantaila zabalentzako zein ultrazabalentzako euskarria, fotograma tasa altuagoak, sarrera berandutze (input lag) murriztua zein mod euskarria dira Smash 64ren lehen bertsiorako oinarriak.

N64Recomp tresnaz baliatzen dabiltza birkonpilazio lanak errazteko: Wiseguy zaleak prestatutako programarekin N64ko jokoen kodea C hizkuntzara itzultzen da, ondoren, konpiladorearekin beste sistema eragile batzuetara moldatzeko.

Plataforma borroka jokoaren lehen atala 1999. urtean iritsi zitzaigun Masahiro Sakurai zuzendariaren eskutik. Azpigenero berria eratuta, milioika jokalari, hasiberriak nahiz borroka jokoetan adituak, elkartu dituen Nintendoren all-stars edo izar guztiak biltzen dituen lana da: Mario, Link, Samus, Kirby, Captain Falcon, Fox edo Pikachu ageri dira, besteak beste, joko originalean.

Smash 64 ez da jatorrizko edukietara mugatuko, ordea. Garatzaileek aurreratu dutenez, Smash Remix romhack ezagunaren pertsonaia, borrokaleku, modalitate eta abesti guztiak biltzen dabiltza birkonpilazioan; horri esker, Crash Bandicoot, Ganondorf, Wario edo Sonic bezalako borrokalariez goza daiteke, originalaren grafikoak eta mekanikak mantenduta.

“Laster” kaleratuko dutela diote egileek: hasiera batean PCra mugatuko den birkonpilazioa izango da Smash 64: Recompiled. Hau jasota, baina, beste gailu eta sistema eragile batzuetarako bertsioak ikusiko ditugu, ziurrenik, bestelako birkonpilazioekin gertatu modura.