Super Smash Bros 64-ren romhack bikaina hobetzen jarraitzen du The_Smashfather mod sortzailearen taldeak.

Super Smash Bros sagatik ahaztuena da, ziurrenik, lehenengo atala. Hala eta guztiz ere, Nintendo 64 kontsolako SSB maitatua da zaleen artean; horren erakusgarri da Smash Remix romhacka. 1.3.0 eguneraketa berriarekin King Dedede eta Marina Liteyears borrokalariak jaso ditu, beste hainbat berritasunen artean.

The_Smashfather mod sortzailearen asmoa joko originala hartzea, eta, honen oinarriak guztiz mantenduta, hobetzea da. Pertsonaia berriak, esaterako, Hal Laboratory-ko jatorrizko taldeak sortutakoak direla dirudi: sinpleak, baina kalitate izugarriarekin, modu aproposean batzen diren SSB 64ko gainerako elementuekin.

Adabakiaren argitalpena ospatzeko berrikuntza guztiak biltzen dituen bideo zoragarria prestatu dute arduradunek. Zinematika landuak zein ezaugarriak laburbiltzen dituzten azalpenak ageri dira: interesa baduzu, benetan merezi du ikusteak.

King Dedede eratzerako orduan Brawl ataleko borrokalarian oinarritu dira. Bere mugimenduak eta ezaugarriak ditu Remixeko bertsioak: borrokalari handia eta pisuduna da, kolpe gogorrak emateko gai dena. Ez hori bakarrik: bere armadaren laguntza ere izango du Kirby-ren etsai/lagunak. Waddle Dee-ak eta Waddle Doo-ak ateratzeko gai da; hauekin arerioei kolpatuko die.

Marina ez da horren ezaguna gaur egun, baina Nintendo 64ko lehen jokoetako baten protagonista izan zen: Mischief Makersena, hain zuzen ere. Pertsonaia hau ez dugu berriz ikusi; hortaz, SSBrako borrokalari guztiz berria da. Mugimendu sorta propioarekin, gauza harrigarriak egiteko gai da: aurkarien izpiak eta tiroak gorde, eta hortik objektu bereziak sor ditzake Marinak. Zaleek dagoeneko argitaratutako jokagarritasun bideoetan denetarik egin dezakeela ikusten da.

Smash Remixen borrokalari batzuk hobetzen jarraitu dute zaleek. Azpimarratzekoa da Young Link-en aldaketa: Majora’s Mask-eko itxura eman diote, mugimendu bereziekin batera. Polygon borrokalari berriak ere gehitu dituzte, Remixeko pertsonaia berriak oinarritzat erabilita.

Borrokalariak, ordea, eguneraketak dakartzan berritasunetako bat baino ez dira. Borrokaleku guztiz berriak ere ikus ditzakegu 1.3.0 adabakian: Mt. Dedede, Castlevania-ko Dracularen gaztelua, Planet Clancer eta beste hainbat nabarmendu ditu The_Smashfatherren taldeak. Aurreko bertsioetan inplementatutako kokalekuetan zuzenketak eta hobekuntzak gehitu dituztela diote, gainera.

Zailtasun maila zitala da eguneraketaren beste izarretako bat. Smash guztietan 9 mailara iristen ziren CPU borrokalariak; orain, 10. maila ezarri daiteke. Agerikoa denez, jokalari trebeenek baino ezingo dituzte garaitu.

Bukatzeko, ezaugarriak inplementatzen jarraitu dute: objekturen bat edo beste, aukera berriak zein zuzenketak aurki daitezke adabakiaren aldaketen zerrendan.

 

Eduki mordoa 1999ko klasikoarentzat

Aipatutakoak azken adabakiarekin datozenak dira, baina aurretik hainbat bertsio kaleratu dituzte arduradunek. Horietan, besteak beste, Conker, Ganondorf, Dark Samus, Wario, Bowser, Falco zein Sonic borrokalariak gehitu dituzte, baita maila mordoa ere. Game Erauntsian hainbatetan hitz egin dugu hauei buruz: hor doaz 0.9.30.9.5 eta 0.9.7 bertsioen albisteak.

Smash Remix eskuratzeko nahitaezkoa izango da jatorrizko bideojokoaren ROM fitxategia edukitzea. Hori hartuta proiektuaren webgune ofizialera jo beharko dugu: nabigatzaile bidez partxea dezakegu fitxategia. Erraza eta azkarra.

Ziurrenik emulatzaile bidez jokatuko duzu, baina adi: Smash Remix Nintendo 64 kontsolan funtzionaraztea ere posible da. Ikaragarrizko lana egiten dabiltzan seinale.