Remix Team zale taldeak Super Smash Bros originalaren eraldaketa ikaragarria prestatu du.

Smash Remix romhack proiektua 1.5.0. bertsiora iritsi da. Askotariko berrikuntzak eta ezaugarriak gehitzen ditu, baina, ohi bezala, adierazgarrienak borrokalariak dira: Banjo eta Kazooie bikotea, Ebisumaru ninja kokoloa eta Dragon King misteriotsua erabil ditzakegu orain jatorrizko Super Smash Bros jokoaren eraldaketan.

The Smashfather sortzaileak gidatutako Remix Team taldearen proiektuak landutako bideoa aurkeztu du bertsio berria iragartzeko. Banjo-Kazooie originalaren menu nagusia hartuta erakutsi dizkigute berritasunak: pertsonaia bakoitzaren mugimendu sorta eta koloreak aurkeztu dituzte, besteak beste.

Jatorrizko borroka jokoan zeuden pertsonaia originalen mugimenduak hartuz eta eraldatuz hasi ziren, baina azken bertsioetan borrokalari guztiz berriak izan dira protagonista. Banjok eta Kazooiek, esaterako, SSB Ultimate-n ikusitako antzeko erasoak eta mugimenduak dituzte.

Borrokalekuak dira romhackaren beste izarretako bat, eta azken adabakiak hainbat gune berri eta hobekuntza dakartza. SSB Melee-ko Poke Floats, Snowboard Kids mitikoan girotutako mendia, Shantae jokoetako Scuttle Town eta beste zenbait ikusiko ditugu 1.5.0. bertsioan.

Objektu aldetik ere badago zer aipatu: Super Mario Bros 3n ikusitako P hegoa erabil dezakegu orain. Honi esker jauzi mugagabeak lortuko ditugu; hortaz, mailetatik kanpo erortzea saihesteko tresna aproposa.

Remix lasterketa zaila, pertsonaiekin kanpaina bukatzerakoan agertzen diren irudien galeria, dueluak eta buruzagiak zein bestelako berritasunak ere aipatzen dituzte arduradunek. Horiez gain, zelan ez, dozenaka hobekuntza eta akats zuzenketa dakartza azken bertsioak.

 

Smash originala biziberritzen

Aipatutako aldaketak ikaragarriak dira, baina aurreko bertsioetan gehitutakoak ere nabarmentzekoak dira. Goemon, King Dedede, Conker, Wolf, Marth, Mewtwo, Wario, Bowser, Ganondorf eta askoz borrokalari gehiago inplementatu dituzte romhackaren arduradunek proiektuarekin, borrokaleku mordoa gaineratuta.

1.5.0. itxura batean azken bertsioa izango den arren, garatzaileek zehaztu gabe utzi dute momentuz. Azken aldaketek eragindako okerrak zuzentzeko bertsio berriren bat argitaratzea espero da, baina oraingoz 1.6.0 adabakiaren zain geratu beharko gara, agian inoiz jasoko ez dugun arren.

Garatzaileek jatorrizko Nintendo 64 kontsolan jokatzeko prestatu dute romhacka: Expansion Pack gehigarria nahitaezkoa da, Super Smash Bros. originalak behar ez zuen arren.

Smash Remixera jokatzeko jatorrizko jokoaren ROM artxiboa edukitzea beharrezkoa da. Horrekin batera webgune ofizialera jo beharko dugu, bertan daukaten tresnarekin romhacka sortzeko.