Zaleen komunitateak Super Smash Bros. originala eraldatzen eta handitzen dihardu.
Smash Remix romhackak 2.0.1 adabakia argitaratu du, tug of war joko mota, borrokaleku eraberrituak eta dozenaka oreka aldaketa nahiz zuzenketa gaineratuta.
Modalitate berriak ideia sinple bezain interesgarria gehitzen dio Nintendo 64an 1999. urtean argitaratutako plataforma borroka joko mitikoari: aurkariak borrokalekutik kanporatzea lortuta, hauei bizitza bat lapurtuko diegu, gure stock kopurura gehituta. Horrela, tentsioa eta zirrara etengabekoak izango dira, garailea ez baita azken unera arte erabakiko.
Borrokalekuei dagokienez, dagoeneko romhackean zeuden zenbait toki txukuntzen aritu dira zaleak. Cool Cool Mountain, Delfino Plaza, Mad Monster Mansion, Rith Essa edo Zelda-ko tenplua guztiz berreginda ikusiko ditugu atal grafiko aldetik. Borrokaleku guztien artean parekotasuna bilatzea izan da helburua, antza, romhackeko gainerako sorkuntzen parera jarrita.
Ez dugu borrokalari edo kokaleku berririk ikusiko oraingoan; 2.0 eguneratzearekin Crash Bandicoot, Peach printzesa, Lanky Kong eta beste hainbat borrokaleku zein modalitate jaso genituen ekainean. 2.0.1 gaurkotze txikia da, beraz, proiektuaz arduratzen den zale taldearentzat. Halere, proiektua elikatzen eta zaintzen jarraitzen dutela ikus dezakegu.
Aipatutakoekin batera, jokalari bakarrarentzako Remix eta All-Stars modalitateak zuzentzen ibili dira egileak: zailtasun maila handiegia zeukan askorentzat, eta borrokalari zein kokaleku berriak errazteko lana burutu dute. Smash Remixek gehitutako borrokalari guztientzako hobekuntzak eta aldaketa txikiak ere aipatzen dira berritasunen zerrendan: mugimenduak, erasoak, animazioak eta bestelakoak findu dituzte, baita itxura nahiz kolore berriak inplementatu ere.
Smash Remix emulagailuetan edo Nintendo 64 kontsola originalean erabil dezakegu. ROM fitxategia nahitaezkoa da romhacka prestatzeko: webgune ofizialean dagoen tresnarekin obra originala eraldatzeko adabakia erants daiteke.
Lander Unzueta
Iruzkinak