2.0.0 bertsioak borrokalariak, joko motak, kokalekuak zein akats zuzenketak gehitu dizkio romhack jokoari.

Smash Remix proiektuak azken bertsioaren aurkeztu du gaur. Berritasunen artean borrokalariak dira nagusi: Crash Bandicoot, Peach printzesa, Roy, Dr. Luigi eta Lanky Kong Super Smash Bros. 64ko duelu klasikoetara iritsi dira.

Atzean sekulako lana daukan aurkezpen bideoan ezagutu ditzakegu 2.0.0 adabakiak jasotako pertsonaia berri guztiak, baita euren mugimendu sorta ikusi ere. Peach edo Roy Nintendo-ren borroka joko berriagoetan ikusitakoak dira jadanik, eta eraso zein abilezia ezagunak hartu dituzte romhackean, halako demake bertsioak sortzeko. Crash edo Lanky, baina, guztiz berriak dira Smash unibertsoan.

Horrenbeste borrokalari gehituta, pertsonaia hautatzeko menua txiki geratzen zitzaien Smash Remixekoei; hori dela-eta, menua berrantolatu dute, gehikuntza berriak lauki bakarrean gehituta. Ez hori bakarrik: aurreko adabakietan gaineratutako borrokalariak txukuntzen jarraitzen dute, oreka zein akats zuzenketen zerrenda luzea prestatuta 2.0.0 bertsiorako.

Borrokalekuen kasuan, Discovery Falls eta Time Twister dira berrikuntza nagusiak —hainbat bertsio desberdinekin—, baina maila zaharrek ere askotariko aldaketak ikusi dituzte, itxura zeharo aldatuta ikusteraino. Pigmask Fortress edo Raid Blue tokiekin gertatzen da; izan ere, Osohe Castle eta Corneria City ordezkatzen dituzte.

Modalitateei dagokienez, gehikuntza interesgarriak datoz. Tag Team, King of the Hill eta Smashketball joko motetan ari gaitezke orain; lehenengoan, borrokalarien talde bat aukeratuko, eta, bat hiltzerakoan, hurrengoarekin jokatu beharko dugu; muinoaren errege izateko bidea argia da, markatzen zaigun gune bat kontrolatu beharko dugu, gainerako arerioak kanpoan mantenduta; bukatzeko, saskibaloian edo futbloean ariko gara Smashketball joko motan.

Eguneratzeak dozenaka berritasun dakartza, baina aurretik ere sekulako lana egin du Remix Team zale taldeak. Banjo eta Kazooie, Goemon, Dark Samus, King Dedede edo Mewtwo gehitu dituzte, beste hainbaten artean, baita maila mordoa eta joko mota desberdinak ere.

 

SSBren komunitatea, indar betean

Smash Bros jokoek orokorrean daukaten romhack komunitate sendoa ikusita, ez da harritzekoa —hor ditugu Akaneia eta Super Smash Flash 2 gaurkotze berriekin—, baina Remixen lantaldea buru-belarri ibili da 1999an N64 kontsolan argitaratutako klasikoa hobetzen eta hedatzen.

Smash Remix emulagailuetan zein Nintendo 64 kontsola originalean joka daiteke: Expansion Pack gehigarria derrigorrezkoa dela nabarmentzen dute garatzaileek. Jatorrizko jokoaren ROM artxiboa edukitzea beharrezkoa da romhacka prestatzeko: proiektuaren webgune ofizialean dagoen tresnarekin erraz batean sortu daiteke fitxategi berria.