The_Smashfather moderrak jatorrizko Super Smash Bros. erabilita sortutako mod bat da.
Nintendo 64ko Super Smash Bros. oinarritzat hartzen duen Smash Remix modak 0.9.5 bertsioa kaleratu berri du. Eguneratzearekin era guztietako edukiak gehitu ditu: besteak beste itemak, hobekuntza orokorrak eta ahalmen berriak jaso ditu modak, baita pertsonaia berezia ere.
Bertsio berriaren ezaugarriak trailer batekin aurkeztu ditu The_Smashfather moderrak. Hasteko eta behin, jatorrizko borroka jokoan ez zeuden hiru objektu ezagutzera eman ditu; Super Smash Bros. Meleetik aurrera sagako ohikoak bihurtutakoak dira hirurak. Horiek handiak bilakatzeko balio duen super perretxikoa, jokalariak txiki egingo dituen perretxiko pozoitsua eta ikusezina egiteko tresna dira.
Eguneraketa berri bakoitzarekin pertsonaia berriak gehituz joan da garatzailea. Hala ere, Kirbyk ez du horien ahalmenak kopiatzerik izan oraindaino. 0.9.5 bertsioarekin hori aldatu egiten da: bola arrosak Bowser, Falco, Ganondorf, Dark Samus, Young Link, Lucas, Dr. Mario eta Warioren eraso bereziak erabili ahal ditu.
Bukatzeko, pertsonaia berria aurkeztu du moderrak. Jatorrizko SSBren oinordekoetako borrokalari bat hautatu beharrean zerbait desberdina egitera animatu da The_Smashfather: Super Mario 64ko Booren etxe sorginduan azaldutako pianoa da Smash Remixek jaso duen azken borrokalaria. Tamaina erraldoiarekin txantxazko pertsonaia dela esan daiteke, baina bere mugimendu sorta propioa dauka Mad Pianok. Berarekin jokatu ahal izateko borrokalarien aukeraketa pantailan Luigi hautatzera joan eta D-Padean gorantza sakatu behar da.
Jatorrizko Smashetik haratago
Berritasun mordoa gehitu dakartza 0.9.5 bertsioak, baina aurreko eguneraketekin alderatuta motz geratu dela esan daiteke. Izan ere, 0.9.4 bertsioak Bowser gehitzeaz gain borrokalekuak eta horientzako omega zein dreamland bertsioak, joko motak eta gehiago ekarri zituen. Gauza bera gertatu izan da aurreko bertsioekin.
Azpimarratu beharra dago garatzaileak jatorrizko Nintendo 64 kontsolan jokatzeko prestatu duela mod hau. Expansion Pack gehigarria nahitaezkoa da, Super Smash Bros. originalak behar ez zuen arren.
Smash Remixera jokatzeko adabakia Github orrialde honetatik jaitsi beharra dago; barruan hau erabiltzeko eman behar diren urrats guztiak azaltzen dira. Adabakiarekin batera jatorrizko jokoaren ROM artxiboa edukitzea beharrezkoa da.
Iruzkinak