Maila berriak, joko mota eraberrituak eta gehiago daude The_Smashfatherren modean. Emulatzailean zein kontsolan jokatu daiteke.

Nintendoren zein bideo-jokoen munduko pertsonaiak batzen dituen borroka jokoa ezaguna da jokozale guztien artean. Ez da gutxiagorako, sagako azken obra Super Smash Bros. Ultimatek 23 milioi ale saldu dituela ezagutzera eman zuen N Handiak pasa den astean argitaratutako finantza txostenean. Halere, erroetara itzultzea gustoko dutenak daude: horien artean dago The_Smashfather moderra. Nintendo 64ko SSB hartuta hau eraberritzeko lanean ari da Smash Remix modarekin.

Dagoeneko mod honen hainbat bertsio atera ditu garatzaileak; azkena atzo iragarritako 0.9.7 bertsioa da. Era guztietako aldaketa eta berrikuntzak gehitu ditu: nabarmenenak bi borrokalari berriak dira. Conker eta Wolf jatorrizko Super Smash Brosen gehitzea lortu du moderrak. Hauek ezagutzera emateko bideo sakona prestatu du, ohi bezala.

Jatorrizko jokoan agertzen zen Fox McClouden oinarria hartuta sortu du Wolf O’Donnell mertzenarioa bere moderako. Hala ere bere mugimendu eta animazio propioak dauzka espazioko otsoak, azken joko ofizialetan ikusi bezala. Conkerren kasuan pertsonaia guztiz berria dela dirudi: Conker’s Bad Fur Day abenturako uneei keinuak egiten dizkieten mugimenduak erabiltzen ditu katagorriak Smash Remixen.

 

Borrokalariak eta gehiago

Gehitutako edukiak ez dira baina pertsonaietara mugatzen. Jokalari bakarrarentzako Remix 1P joko motan aritu daiteke 0.9.7 bertsioan. Jatorrizko SSBen arkade joko mota arruntean beti egitura berbera ikusten zuten jokalariek, eta pertsonaiak ordena berberan gainditu behar ziren beti. Joko mota berri honek arkade egitura hori mantentzen du ausazkotasuna gehituta; modeko pertsonaiak eta borrokalekuak ere gaineratzen ditu nahastera.

Partidetan borrokalarien ezaugarriak aldatzeko menua jaso du modak: tamaina handitu edo txikiagotu, ikusezinak egin edo eskeletoa soilik agertzea dira, besteak beste, eskaintzen dituen aukerak. Borrokaleku guztiz berriak ere daude, nola ez. Rith Essa, Venom, Windy, dataDyne eta Planet Clancer iritsi dira azken bertsioan, bakoitza bere abestiekin.

Eduki guzti hauek aurreko bertsioetan sortutakoei gehitzen zaizkie. Orain arte objektuak, pertsonaiak, kokalekuak, joko motak eta oreka hobetzeko aldaketak gaineratzen ibili da The_Smashfather. Hemen 0.9.3, 0.9.4 eta 0.9.5 bertsioek ekarritako aldaketen albisteak.

Smash Remixera emulatzaileen bidez soilik jokatu daitekeela pentsa daiteke, baina ez da horrela. Moderrak Nintendo 64an jokatzeko prestatu du proiektua: expansion packa ezinbestekoa da funtzionatzeko, ROM-a gehitu ahal izateko kartutxo bereziaz gain.

0.9.7 bertsioa garatzailearen GitHub orrialdetik jaitsi daiteke. Bertan azaltzen ditu moda instalatzeko jarraitu beharreko pauso guztiak. Izan ere, Smash Remixera jokatzeko beharrezkoa da jatorrizko jokoaren ROM fitxategia.