Zaleek sortutako modak 0.9.3 bertsioa jaso du. Smash Remix Nintendo 64a erabilita joka daiteke.
1999an Super Smash Brosek borroka jokoen arau guztiak aldatu zituen. Nintendo 64an argitaratutako lanak Nintendoren bideojoko ezagunenetako pertsonaiak batu eta borroken belaunaldi bati hasiera eman zion.
Ordutik hona Smashek hainbat joko berri izan dituen arren, zaleek ez dute ahaztu N64ko lehen obra hori. Horien artean dago The_Smashfather, Smash Remixen garatzailea. Smash Remixek jatorrizko SSB hartu eta hainbat aldaketa gehitzen dizkio: pertsonai eta borrokaleku berriak, gameplayari begira egindako hobekuntzak eta adimen artifizialean eragiten dituzten aldaketak, besteak beste.
Remix dagoeneko 0.9.3 bertsioan dago. Proiektua hasi zuenetik Ganondorf, Falco, Dr. Mario, Young Link, Dark Samus, Wario eta Lucas pertsonaiak gehitu ditu Smashfatherrek. Pertsonaiak gehituta bakoitzari zuzendutako Special Stage berriak ere garatu ditu.
Beste aldaketa azpimarragarri bat jatorrizko pertsonaien barianteak dira. SSBren bertsio japoniarretik azken PAL bertsiora bitartean pertsonaiek hainbat aldaketa jasan zituzten erasoen indarrean, pisuan eta esparru gehiagotan. Remixek beste bertsioetako bariante horiekin jokatzeko aukera eskaintzen du.
Horiekin batera dozenaka borrokaleku berri daude; batzuk joko berriagoetatik hartutakoak dira, beste hainbat guztiz berriak. Hyrule Temple, Norfair, Congo Falls, Gerudo Valley… Jatorrizko jokoak zituen borrokaleku kopurua biderkatu du Remixek.
Aipatutakoekin batera aldaketa gehiago dakartza Smash Remixek, handiak zein txikiak. Aldaketa guztiak N64 Vault webgunean zerrendatu ditu modaren arduradunak.
Garatzailea mod hau jatorrizko Nintendo 64 kontsolan jokatzea posible egiteaz arduratu da: romak txertatzeko aukera duen kartutxo baten bidez egin daiteke. Kontsolan jokatzeko expansion packa derrigorrezkoa dela nabarmentzen du, jatorrizko jokoak behar ez bazuen ere. Nola ez, emulatzaileen bidez jokatzeko aukera ere dago.
Smash Remixera jokatu nahi dutenek moda N64 Vaultetik jaitsi dezakete. Hori bai, jatorrizko jokoaren rom bat edukitzea derrigorrezkoa da moda erabiltzeko.
Iruzkinak