Hyper Light Drifter bikainaren estudioak prestatutako lana da. Akzio bizkorra atal estetiko koloretsuarekin nahastuko du.
Heart Machine estudioak eta Annapurna Interactive argitaletxeak Solar Ash atzeratu dutela iragarri dute sare sozialen bitartez. Hilabete honetarako aurreikusia, azkenean abenduaren 2an kaleratuko dutela zehaztu dute.
Arduradunek oharrean nabarmendu dutenez, “Solar Ashek distiratzea” nahi dute, baina hori lortzeko “azken atalak txukuntzeko eta akatsak zuzentzeko denbora gehiago” behar dute. Geroratze labur honek hori eskainiko dietela diote Heart Machinekoek.
Kokaleku misteriotsu eta ezezagunak ziztu bizian zeharkatuko dituzte jokalariek Solar Ashen. Rei protagonista gidatuta arerio benetan erraldoiak garaitu beharko dira; garatzaileek bideo-jokoa Super Mario Galaxy-ren eta Shadow of the Colossus-en arteko nahastea dela diote, Jet Set Radio-ren ukitu batekin.
Solar Ash PlayStation 5, PlayStation 4 eta PC plataformetan merkaturatuko da abenduaren 2an; ordenagailuen kasuan Epic Games Store saltokiaren bidez jokatu ahalko da.
Bideo-jokoaren irudiak ikusita, askok gogoratuko dute 2016an kaleratutako Hyper Light Drifter aparta; izan ere, HeartMachinek garatutakoa izan zen esplorazio eta akzio abentura.
Ikusteko dago Solar Ashek honekin loturarik edukiko duen, baina bitartean, Hyper Light Drifter euskaraz jokatzeko aukera dago PCan. Euskaratutako joko guztien zerrenda aurkituko duzu Game Erauntsian.
Iruzkinak