Mastaklo eduki sortzailearen 0.9 bertsioak transformazioak, mugimendu bereziak, borroka zauriak eta gehiago inplementatzen ditu.
Son Goku hainbat biderrez ikusi dugu Super Smash Bros. jokoetan… zaleek sortutako mod bidez, noski. Orain, sagako azken Ultimate atalak ere jaso du Dragoi Bolako protagonista ziurrenik orain arteko modik landuenean.
Mastaklo moderrak Gokuren 0.9 bertsioa kaleratu berri du. Espazioko gerlaria Nintendo-ren borroka jokoan inplementatu, eta bere animazio, mugimendu eta estatistika propioak prestatu dizkio. Hasteko, erabili duen modeloa Jump Force bideojokoan ikusitakoa da; egia esan, nahiko aproposa SSBUrako.
Berezko erasoak eta teknikak ditu saiya-k. Kolpe arruntak bere borroketan erabilitakoak dira; gauza bera gertatzen da, nola ez, eraso bereziekin. Kamehame uhina, bat-bateko desagertzea, eguzkiaren kolpea edo taiyoken erasoa, Kaitoren kolpea… hainbat bildu ditu moderrak. Final Smash eraso hilgarria genkidama energia bola izango da, noski.
Hortik abiatuta pertsonaia fintzen joan da garatzailea. Adibidez, ilearen fisikak gehitu dizkio azken eguneratzean, Gokuren mugimenduak islatuz. Gainera, borroka zauriak ere inplementatu ditu; zauriak baino, apurtutako erropak esatea aproposagoa litzateke. Ehuneko zehatz batera iristean Gokuren gi jantzia apurtzen hasiko da, azkenean goiko aldeak erabat galduz, eta prakak ere zulatuz. Manganimean bizi zituen borroka gogorrenei egindako keinua, alegia.
Hau guztia irakurrita, transformazioak dituen, eta, kasu horretan, nola kudeatzen diren zalantza sortuko zitzaizuen. Bai, Gokuk hainbat forma desberdin har ditzake, eta guztiak partida berean.
Ez da borroka mekanika, ordea, aldaketa estetikoa baino: iseka botoiekin gorantz eginez gero goi gerlari, blue, ultra instintu zantzua zein menperatutako ultra instintu artean alda dezake. Beherantz sakatuta, ohiko itxura berreskuratuko du saiyak.
Laburbiltzeko, SSBUko eduki gehigarrietan ikusitako pertsonaien parera iristen den borrokalaria da Mastaklok sortutako Son Goku hau. Ez da egilearen mod bakarra, ezta bigarrena ere: aurretik Monkey D. Luffy, Albert Wesker edo Crash Bandicoot eratu ditu SSBUrako, baita bestelako jokoetarako hainbat mod ere.
Guztiak bere webgunean aurkituko ditugu; hori bai, berrienak deskargartzeko patreon erabiltzailea izan beharko gara.
Iruzkinak