SEGAren triku urdinak 30 urteak ospatzeko proiektu berriak aurkeztuko dituzte. Horizonen ekitaldiak 20 minutuko iraupena edukiko du.
E3rako bi aste eskas falta direla, garatzaile handiek beraien lanen berritasunak emateko aurreratu direla ematen du. Bi aurkezpen berezi iragarri dituzte gaurko ustekabean. Alde batetik SEGAko japoniarrek bere maskota maitatuaren 30. urteurrena ospatzeko ekitaldia egingo dute: Sonic trikuaren proiektu berriak erakutsiko dituzte bertan. Bestalde, PlayStationek State of Play aurkezpen berria egingo du: kasu honetan Guerrilla Games estudioaren Horizon Forbidden West abenturari zuzendutako ekimena izango da.
SEGAk antolatutako aurkezpena 18:00etan hasiko da. Zaleek zer ikusiko duten guztiz zehaztu gabe etortzeko dauden “proiektu, elkarlan eta ekitaldi berriak” aipatuko dituzte 30 urteak ospatzeko ekitaldian.
Ikusteko dago horien artean bideo-joko berririk ikusi ahalko den; E3a horren hurbil egonda, eta SEGAk bertan parte hartuko duela jakinda, azoka digitalean ikusiko denaren aurrerapena baino ez dela izango pentsa daiteke.
Sonyren aldetik Horizon Forbidden Westen berritasunak 23:00etatik aurrera ikusi ahalko dira State of Play berrian.
Horizon Zero Dawnen jarraipenaren berri orain ia urtebete izan zuten zaleek, PlayStation 5aren aurkezpenarekin batera. Ordutik hona ezer berririk iragarri gabe, jostagarritasunean ardaztutako aurkezpena egingo dutela adierazi dute Guerrilla Gamesekoek.
Guztira 20 minutuko iraupena izango duen aurkezpen bereziko 15 minutu PlayStation 5ean jokatutako gameplay hutsa izango direla aurreratu dute.
Mathijs de Jonge bideo-jokoaren zuzendaria aurkezpenerako gogotsu agertu da: “iragarpen hau benetako talde lana izan da eta prestatuta daukaguna erakusteko irrikitan gaude”.
Iruzkinak