Berezko 2D atal estetikoa, zortzi mundu, kontrolatzeko hainbat pertsonaia eta buruzagien aurkako borrokak agintzen ditu JustStarDrop sortzaileak.

Zaleek sortutako bideojokoen artean nagusi izaten dira, ulertzekoa den bezala, industriako frankiziarik ezagunenak. Mario eta Pokémon sagetako zenbait proiektu ikusi izan ditugu azken hamarkadotan; hala ere, Sega-koen Sonic trikuak jaso ditu titulurik esanguratsuenak zaleen eskutik —horiei buruz hitz egin genuen erreportaje berezian—. Orain, Sonic and the Moon Facility aurkeztu dute komunitateko kideek.

Triku supersonikoaren abentura klasikoetara joko duen proiektua da SatMF; alegia, bi dimentsioko plataforma jokoa da JustStarDrop sortzailearen taldea garatzen ari dena. Horrela, Mega Drive kontsola klasikoko abenturetako oinarriak jarraitzen ditu.

Hauetako sprite-ak eta atal grafikoa bereganatu beharrean, estilo propioa aurkeztu du zaleen jokoak. Sonic eta Tails biziak zein kokaleku koloretsuak ikusiko ditugu: estetika benetan ederra duela aitortu beharra dago.

Izan ere, oraingoz bi horiek dira baieztatutako protagonistak: trikuarekin eta azeriarekin jokatu ahalko dugu, baina garatzaileek ezustekoak aurreratu dituzte, eta ez, ez dabiltza Knuckles-i buruz.

Guztira zortzi mundu zeharkatuko ditugu beraiekin; ez hori bakarrik, bestelako maila gehigarriak ere aurreratu dituzte. Nola ez, buruzagien aurka ere egingo dugu hauen helmugetan. Segak argitara zezakeen joko osoa izango da, beraz.

Ez da talde berak Sonic hartuta garatzen duen lehen jokoa, baina. Duela urtebete eskas Sonic and the Fallen Star dibertigarria estreinatu zuten. Honekin burututakoak hobetzeko asmoa duten Moon Facilityn: diotenez, “Fallen Starreko mailarik onena ez da Moon Facilityko mailarik kaskarrenaren parera iritsiko”.

Sonic and the Moon Facility PC-an kaleratuko dute, oraindik zehaztu gabeko data batean. Ez dute demorik zabaltzeko asmorik: lehen argitalpena joko osoarena izango da.

Garatzaileek diotenez, ziurrenik GNU/Linux eta MacOS bertsioak ere prestatuko dituzte; zoritxarrez, ez da gauza bera gertatuko Android gailuekin, alboratu egingo baitituzte.

 

SAGE azoka, ostiraletik aurrera

Sonicen bideojokoek sortzaileen komunitatearen artean duten indarra aipatu dugu arestian. Ez da gutxiagorako: ostiralean Sonic Amateur Games Expo 2023 azoka abiatuko dute.

Izenak dioen bezala, zaleek garatutako bideojokoak dira ardatz. Sonic ikusiko da gehienbat, baina Segako beste pertsonaietan oinarritutako lanak ere aurkezten dira SAGEn, baita zerikusirik ez dutenak ere.

Irailaren 1ean hasi, eta 8an bukatuko dute: egun horietan denetariko aurkezpenak egingo dituzte. Egitarau osoa webgune ofizialean argitaratu dute.