Game Gear kontsolako hamabi joko eta berritasun nabarmenak ekarriko ditu bildumaren bertsio berriak.

Sega-koek Sonic Origins bildumaren Plus bertsioa iragarri dute: triku urdinaren hamasei bideojoko klasiko ekarriko ditu. Argitalpen data ere zabaldu dute, gainera; ekainaren 23an kaleratuko da.

Plus bertsioa iaz estreinatutako Sonic Originsen —hau ere ekainaren 23an heldu zitzaigun— espantsioa edo DLC-a izango dela zehaztu dute arduradunek; hala eta guztiz ere, eduki guztiak batera dakartzan edizio berezia ere eskura daiteke.

Zer dakar eguneratutako jokoak? Hasteko eta behin, zale sutsuenek soilik gogoratzen dituzten hamabi titulu. Game Gear kontsola eramangarriak jaso zituen Sonicen joko guztiei buruz gabiltza. Hauek izan dira zehazki Sonic Origins Plusen bildutakoak:

  • Sonic the Hedgehog 
  • Sonic the Hedgehog 2
  • Sonic Chaos
  • Sonic the Hedgehog: Triple Trouble
  • Sonic Labyrinth
  • Sonic Blast
  • Sonic Drift
  • Sonic Drift 2
  • Sonic 2 in 1
  • Tails Adventure, Tails’ Skypatrol
  • Sonic Spinball

Nola ez, Origins originalean ikusitakoei gehituko zaizkie: Sonic The Hedgehog, Sonic The Hedgehog 2, Sonic 3 & Knuckles eta Sonic CD erabat bermasterizatu zituzten. Dena den, hauentzako berritasun interesgarriak ere inplementatu ditu espantsioak.

Hasteko eta behin, Sonic CDn Knuckles-ekin jokatu ahal izango da lehen aldiz. Orain gutxira arte nahiko publiko orokorraren artean nahiko joko ezezaguna izanik —Sega CD gailurako estreinatu zen bere garaian—, interesgarria da ekidna gorria gehitu izatea.

Horrez gain, lau jokook beste pertsonaia bat jasoko dute: Amy Rose erabili ahalko dugu lehen aldiz Sonicen abentura klasikoak gainditu ahal izateko —modu ofizialean, behintzat!—. Bideoan ikus daitekeenez, Amyk diseinu klasikoa edukiko du; hori bai, bere mailua erabiliko du etsaiak akatzeko.

Aipatutako berrikuntzak Originsentzat kaleratutako eduki gehigarri guztiekin iritsiko dira: Extreme Missions, Mirror Mode, pertsonaientzako animazio eraberrituak zein hondo eta musika gehigarriak eskainiko ditu.

Esan bezala, ekainaren 23an merkaturatuko da Sonic Origins Plus; PC-ra nahiz PlayStation, Xbox eta Nintendo kontsoletara iritsiko da espantsioa.