SEGA-ren triku supersoniko ezagunak multibertsoko abenturak bizitzen jarraituko du. Lehen denboraldia iaz kaleratu zuten Netflix zerbitzuan.

Euskarazko telesailak eta filmak jasotzea beti da ospatzekoa. Are gehiago bideojokoen munduko ikurrik handienetakoan oinarrituta badaude. Hori da Sonic Prime interesgarriaren kasua: gaur bertan abiatuko du bigarren denboraldia, gure mintzairan entzuteko aukerarekin.

Bideojokozaleek ondo baino hobeto ezagutzen dituzten Sonic, Shadow edo Eggman bezalako izenak bueltan dira, hortaz. Multibertsoan murgilduko dira bigarrenez: horrela, pertsonaia maitatuen bertsio desberdin bitxiak ikusiko ditugu, baita protagonista klasikoak ere.

Pasa den abenduan kaleratutako lehen denboraldiari jarraipena ematera doaz. Zortzi atal eduki zituen; bigarrenak kopurua bikoiztea aurreikusten da. Bigarren denboraldiko lehen atala orain egun batzuk argitaratu zuten aurrerapen gisa sareetan, baina ez dago euskaraz ikusteko aukerarik: zerbitzuan estreinatu arte itxaron beharko dugu.

Euskal bikoizlariak ere errepikatzera datoz, gainera: Josu Diaz, Andrea Sanz, Txema Regalado, Esti Lizarraga eta Josu Mitxelena Sonic, Tails, Knuckles, Amy eta Eggman izango dira, hurrenez hurren. Hauekin batera egongo dira Iker Diaz edo Peio Artetxe Shadow trikuari edo Big katuari ahotsa jartzen, adibidez.

Netflix zerbitzuak sortutako telesaila SEGArekin elkarlanean abiatu zen triku urdinaren 30. urteurrena ospatzeko asmoarekin; hori horrela, harpidetzatik soilik ikusi ahalko da animaziozko lana.

Bideojokoen aldetik ere zenbait titulu interesgarri jaso zituen: Sonic Frontiers berria zein Sonic Origins (eta Plus) bilduma ikusi ditugu urteurrenarekin batera.

Etorkizunera begira, baina, zaleak pozez txoratzen jarri dituen atal berria dugu: urte bukaeran Sonic Superstars deitutako jokagarritasun klasikodun plataforma abentura jasoko dute SEGAko maskotaren jarraitzaileek.