Autoak, ontziak zein aerotaulak gidatuko ditugu, triku supersonikoaren abenturetako mundu desberdinak zeharkatuz.

Segak Sonic Racing: CrossWorlds aurkeztu du: Sonic trikuaren arkade lasterketa joko berria.

Bideojoko saga desberdinetako elementuak alboratu dituzte beste behin, aurreko Team Sonic Racing-en egin bezala, trikuaren pertsonaietara eta munduetara mugatzeko. Horrela, ohiko kokalekuak ikusiko ditugu, baina baita Secret Rings bezalako jokoetako guneak ere.

Berezitasun bezala, mundu batetik bestera portalen bidez bidaiatuko dugu lasterketa berean. Lehenengo postuan doan gidariari aukera pare bat aurkeztuko zaizkio, eta berak erabakiko du lasterketak nora joko duen bigarren biratik aurrera.

Sonic & All-Stars Racing Transformed maitatuko elementuak berreskuratuko dituzte, hala eta guztiz ere: autoak ez ezik, txalupak zein hegazkinak gidatuko ditugu. Berritasunak datoz, gainera: Sonic Riders mitikoaren aerotaulak zein pertsonaiak inplementatuko dituzte CrossWorldsen.

RPG mekanikak aipatu dituzte egileek; dirudienez, lasterketa bakoitzaren aurretik hainbat tresna hautatuko ditugu, eta parekatze desberdinek abilezia bereziak eskainiko dizkigute.

Sonic Racing: CrossWorlds “laster” estreinatuko da PCan zein PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan. Otsailaren 21ean probaldi itxia abiatuko dute: izen ematea hemen bete daiteke.