Aero Fighters izenarekin ezagutzen dugu Euskal Herrian. Success taldeak lehen bideoa argitaratu du.

Sonic Wings Reunion maiatzaren 29an estreinatuko du Success Corp estudioak PCan zein PlayStation eta Switch kontsoletan, shoot ‘em up frankizia klasikoaren berpiztuz.

Hegazkin gaineko dueluen xehetasunak eskaini ditu enpresa japoniar beteranoak: zortzi pertsonaia zororen artean hautatuko dugu —hasiera batean, desblokeatzeko sekretuak egongo baitira— dozenaka hegazkinen aurka jartzeko korritze bertikaldun bideojokoan. Zortzi maila desberdin zeharkatu beharko ditugula dirudi, baina bonus erronkak ere agintzen dituzte garatzaileek.

Arkade aretoetako jokoen arima dauka Sonic Wingsek: pantaila tiroz eta izpiz beteta egongo denez uneoro, azkar eta trebe ibili beharko gara bizirauteko.

Bakarka jokatzeaz gain, lagun batekin ariko gara dagoeneko jaurtiko ditugun ehundaka tiroak biderkatuz tokiko multijokalariari esker. Azaltzen dutenez, modalitate kooperatiboa berezitasunekin etorriko da: pertsonaien aukeraketaren arabera aldatuko dira kokalekuak.

Etxean Aero Fighters izenez ezagutzen dugu Sonic Wings saga. Lehen atalaren retroanalisia prestatu zuen Doublemaulerrek Game Erauntsian; sagak jasotako azken jokoa, berriz, 1998. urtean ikusitako Nintendo 64 kontsolako Aerofighters Assault izan zen.

Aspaldiko klasiko baten itzulera ikusiko dugu, beraz, maiatzaren 29an Sonic Wings Reunionekin.