Iaz erabakitako CEO bikoitzaren egitura alboratuko dute. Hiroki Totoki Sony Group Corporation-eko presidente berria da.
Presidente berria hautatu du Sony Interactive Entertainmentek. Hideaki Nishino beteranoa izango da arduradun nagusia: apirilaren 1ean hartuko du kargua.
2024ko ekainean hautatutako egitura aldatzea erabaki du SIE taldeak, horrela. Nishino Platform Business Group taldeko buruan bilakatuko zela iragarri zuten ordu hartan, enpresak CEO bikoitza edukita; izan ere, Hermen Hulst Studio Business Group taldeko arduradun nagusi izateko erabaki zuten enpresa japoniarretik.
Bilera berrian erabakitakoak laburbilduz, Nishino SIEren presidente izango da, baina ez hori bakarrik: Platform Business Groupeko kargu nagusiarekin jarraituko du, iaz erabakitakoari helduta.
Antzekoa gertatzen da Hulstekin: Studio Business Groupeko arduraduna izaten jarraituko du, baina dagoeneko ez ditu inolako CEO lanak hartuko. Horren ordez, Nishinoren azpian geratuko litzateke; hau da, Jim Ryan presidentea zela izandako postu berbera mantenduko du Hulstek.
Zergatik aldaketa hau? Zalantza asko daude, baina zerbitzu erako bideojokoen porrotari lotutakoa izan daiteke. Hulstek gidatutako PlayStation Studios taldearen hainbat estudio GaaS jokoak egitera bideratu zituzten. Helldivers II arrakastatsua dela esan daiteke, baina gainerako guztiak bertan behera geratu dira, kaleratu aurretik zein ostean.
Horren azken adibide dira Bluepoint Games eta Bend Studio garatzen zebiltzan bi zerbitzu erako jokoak; dirudienez, Bluepointena God of War frankizian oinarritutakoa zen. Aurretik Naughty Dog prestatzen zebilen The Last of Us multijokalaria zein Insomniac Games-en zerbitzu erako Spider-Man zeuden, besteak beste. 2024an itxitako London Studio ere epe luzerako multijokalaria prestatzen ibili omen zen.
Ezin gaitezke ahaztu, nola ez, iaz estreinatutako Concord-ez. PlayStationen zerbitzu erako joko handia izan beharko litzatekeena ikaragarrizko hutsegitea izan zen: bi asteko epean bertan behera uztea erabaki zuten Sonytik, salmenta eskasak ikusita. Ondorio latzena Firewalk Studios eta Neon Koi enpresen itxiera izan zen.
Hiroki Totoki da prentsa oharrean aipatutako beste izen nagusietako bat. SIEko bitarteko presidente lanak burutzen ibili zen iaz, ohiko COO (ekintzen arduradun) zein CFO (finantza arduradun) lanez gain.
Orain, Sony Group Corporation talde nagusiko presidente izendatuko dute, gaur egun Kenichiro Yoshida betetako lanak hartuta. Yoshida, aldiz, mahaiburu nagusia izatera igaroko da, Totokirekin batera Sony taldea gidatuz bere osotasunean.
Iruzkinak