Kadokawa Corporation erraldoiak bideojokoen, manganimearen zein ikus-entzunezkoen denetariko enpresak biltzen ditu bere aterpean.

PlayStation FromSoftware eta beste hainbat estudio bereganatu nahian ibiliko litzateke. Reuters-ek aditzera eman duenez, Kadokawa Corporation erosteko negoziaketan dabil Sony.

Bi iturri desberdinen informazioa jaso duela aipatzen du agerkariak. Aurrera egiten badute, iragarpena aste gutxi batzuk barru entzungo genukeela diote Reutersetik.

Elden Ring edo Dark Souls bezalako frankizia arrakastatsuen atzean dagoen Fromen bereganatzea da titularra: munduko estudiorik garrantzitsuenean bilakatzea lortu du, azken bideojokoekin milioka salmentak lortuta. Elden Ringekin bakarrik, adibidez, 25 milioi salmenten langa gainditu dute; Shadow of the Erdtree espantsioak dagoeneko 5 milioi pasata saldu ditu —argitaratu ondorengo lehen hiru egunetako datuak dira!—.

Hala eta guztiz ere, Spike Chunsoft Danganronpa edo Zero Escape jokoen arduradunak zein Gotcha Gotcha Games RPG Maker editorearen egileak eskuratuko lituzke PlayStationek.

Ez da Sonyk Kadokawaren inguruan interesa agertzen duen lehen aldia; izan ere, dagoeneko korporazioaren akzioen % 2 dauka PlayStationen enpresa nagusiak.

Bideojokoetatik pixkat aldenduz, Sonyk aspalditik bilatzen duen manganimearen mundurako sarrera eskuratuko luke. Kadokawak mangaren zein animearen munduko hainbat aldizkari eta estudio dauzka bere baitan; ez hori bakarrik, eleberri arinen (light novel) esparruan ere indartsu dabil. Hori horrela, Dungeon Meshi, Konosuba, Re:Zero, Shield Hero, Mushoku Tensei eta Overlord, beste hainbaten artean, Kadokawaren markapean argitaratu dira.

Kadokawa Corporation 2014an eratu bazen ere, 1945. urtean sortutako Kadokawa Shoten enpresatik eratorritakoa da. Arlo desberdinetako dozenaka talde eta enpresa ditu esku artean, Japoniako konglomeraturik handienetakoena osatuz; hori horrela, Sonyrentzat zein PlayStationentzat erosketa benetan interesgarria izan daiteke.