Egungo zerga urteko hirugarren hiruhilabeteko emaitzak aurkeztu dituzte japoniarrek: erdieroaleen krisiak eragin argia izan du salmentetan.
PlayStation 5ak indar betean jarraitzen du. Sony enpresa japoniarrak azken finantza txostenean adierazi duenez, belaunaldi berriko 17,3 milioi kontsola saldu ditu. Datu hauek 2021eko abenduaren 31ra artekoak dira.
Egungo zerga urteko hirugarren hiruhilabeteko datuak eskaini dituzte dokumentuan. Urte fiskala bukatu aurretik —hau da, martxoaren 31 aurretik— salmenta kopurua 19,3 milioitara iristea aurreikusten dute; hori horrela, joan den urteko udan egindako aurreikuspenak jaitsi dituzte: zerga urtean 22,6 milioi kontsola banatzea espero zuten.
Argi dago horren zergatia: erdieroaleen krisiak bere horretan jarraitzen du, eta PlayStationentzat zein beste edozein markarentzat zaila izaten ari da hardware ekoizpena mantentzea. PS5aren eskari kopurua betetzea ezinezkoa da, eta ale berriak merkaturatu bezain laster saltzen ari dira.
Oztopo horren ondorioz azken hiruhilabetean aurreko urteko epe berean baino 600.000 PS5 gutxiago saldu dituzte Sonykoek. Are gehiago, azken kontsola salmenta bikainekin estreinatu zen arren, PlayStation 4-aren erritmoa mantentzea ezinezkoa egin zaio: epe berean 20,2 milioi PS4 saldu ziren bere garaian.
Dena den, etekinen aldetik marka guztiak hausten jarraitzen dute PlayStationekoek: hardwareari zein softwareari esker 24,7 mila milioi dolarretako onurak eskuratu dituzte 2021ean; aurreko urtean baino %8,9 gehiago. Daniel Ahmad analistak zehazten duenez, zifra horrek ez ditu Sony Music bidez saldutako jokoak kontuan hartzen; horiekin zifra 25,96 mila milioietara igoko zen.
Irabazien %24 hardware aldetik etorriko zen, kontsolak zein bestelako gailuak barne hartuta. Softwarea, eta hortaz, bideo-jokoak zein harpidetzak dira etekinen gehiengoa eman dietena japoniarrei: onuren %66 suposatzen dute. 92,7 milioi bideo-joko saldu dituzte PS5aren eta PS4aren artean, fisikoak zein digitalak kontuan hartuta.
PlayStation Plus harpidetza zerbitzuaren erabiltzaileak ere gora egiten jarraitzen dute: 48 milioi jokalari dira dagoeneko harpidedunak; horrez gain, PlayStation Network sarean 111 milioi erabiltzaile aktibo dituzte hilabetero.
Zifra ikusgarri hauekin PlayStationek bere izena indartzen jarraitzen du. Hainbat dira PlayStation Studios osatzen duten garatzaileen taldera sartutako sortzaileak; ez hori bakarrik: aste honetan Bungie estudioaren erosketa baieztatu dute japoniarrek 3,6 mila milioi dolarren truke.
Iruzkinak