Ostiralean gehitu zuten zerbitzura konektatuta egoteko baldintza. 177 herrialdetan jokoa saltzeari utzi diote, ez baitute PS Networkean izena emateko biderik.
Helldivers 2ko erabiltzaileek misio berria jaso dute asteburuan, baina ez da intsektuak edo robotak suntsitzeari lotuta egon. Sonykoek baldintza berria gehitu zuten larunbatean: PCko bertsioaren jokalariek PS Networken izena eman beharko dutela iragarri zuten. Borroka latzaren ostean, atzera egin dute azkenean.
“Zuon feedbacka jaso dugu Helldivers 2ren kontuak lotzeko eguneraketaren inguruan”, diote mezuan. “Steameko eta PS Networkeko erabiltzaileak lotzea beharrezko egiten zuen maiatzaren 6ko eguneratzeak ez du aurrera egingo”.
Egun kaotikoak izan dira bai erabiltzaileentzat, bai Arrowhead Studios-ko garatzaileentzat. Ostiralean Sony Interactive Entertainment-ek argitaratutako prentsa oharrean “probaldia” bukatu zela adierazi zuen; izan ere, “merkaturatzerakoan jokoak bizitako arazoengatik Steam eta PlayStation Network sareetako erabiltzaileak lotzeko baldintza hautazkoa” zen, baina, behin arazoak konponduta, hori aldatzeko asmoa zuten jabeek.
Erabakiaren ondorioak behar bezala aztertu gabe eduki dituzte, ordea. PS Networken izena ematea doakoa da —erabiltzaileen datuen bilketan sartu gabe geratuko gara, momentuz—… izena eman badezakezu, behintzat. Helldivers 2ren PCko bertsioa saltzen den 177 herrialdetan ezin daiteke konturik sortu PlayStationen zerbitzuan, eta, horren ondorioz, hauetako jokalariak jokoan sartu gabe geratzen hasi ziren.
Hori dela-eta, Sonyk jokoa saltzeari utzi dio herrialdeotan, jokalarien haserrea eraginez. Helldivers 2ren Steameko orrialdeko balorazioak lurpera jaitsi dira asteburuan: iritzi bikainak edukitzetik “gehienbat negatiboak” markara iritsi da, eta horrela jarraitzen du une honetan.
Steam diru itzultzeak onartzen hasi zen, gainera: bi ordu baino gehiago jokatu zuten erabiltzaileek jokoa itzultzeko eta jokoa berreskuratzeko aukera zeukaten, hau saltzerakoan adierazitako baldintzak ez errespetatzeagatik. Itzulketa bakoitzarekin Sonyk dirua galtzen duela nabarmentzekoa da, Valvek bereganatzen duen % 30 hori ez baita bueltatzen.
Nola ez, suminaren zati bat Arrowheadekoek jasan dute, nahiz eta hauek Sonyren erabakiaren aurka agertu diren. Johan Pilestedt Arrowhead Studiosko zuzendariak barkamena eskatu zuen sare sozialen bidez, “konpentsatzeko eta konfiantza berreskuratzeko” helburuarekin. “Joko onak baino ez ditut sortu nahi”.
Helldivers 2ko jokalariek demokrazia banatzen jarraitu ahalko dute. Otsailaren 8an kaleratutako tiro joko kooperatiboak milaka soldadu elkartu ditu PCan zein PlayStation 5 kontsolan, izugarrizko salmentak lortuta: bi plataformetan titulurik salduenen artean egon da.
Zer gertatuko da Sonyren PCko hurrengo jokoetan?
Krisia gaindituta, etorkizunean Sonykoek zer egingo duten aztertzea komeni da orain. Ez dugu denbora askorik behar izan erantzuna jasotzeko: hilabete honetan ordenagailuetan estreinatzen den Ghost of Tsushima PS Networkera lotuta egon beharko da.
Online ezaugarriak erabili nahi dituztenei eskatuko zaien baldintza dela zehaztu dute Sucker Punch estudiokoek: “Ez da beharrezkoa izango kanpainan jokatzeko”. Legends multijokalari kooperatiboan aritzeko zein PS overlay aukera erabiltzeko lotu beharko dugu, ordea.
Hortaz, denetariko kritikak jaso ondoren, PlayStationekoek ez dute guztiz atzera egin. Jokalarien erantzunari esker zerbait lortu da, baina borroka ez da bukatu.
Iruzkinak