Komunikazio enpresaren akzio-gutxiengodunean bilakatu dira japoniarrak. Datorren urterako zerbitzua kontsoletan gehitzea aurreikusten dute.
Discord PlayStationen egongo da. Sony Interactive Entertainmentek bere webgunean jakitera eman duenez, enpresa japoniarrak komunikazio plataforma bere sareko zerbitzuan integratuko du, Discorden akzio-gutxiengodunean bihurtu ondoren.
“Elkarlanean, gure taldeak Discord zuon joko eta esperientzia sozialak PlayStation Networken batzeko gogor lanean ari dira”, adierazi du Jim Ryan SIEko presidenteak. 2022rako integrazioa prest edukitzea aurreikusten dute arduradunek: “gure helburua datorren urte hasieran Discord eta PlayStation esperientziak kontsoletan zein mugikorretan hurreratzea da, adiskideak, taldeak eta komunitateak batu, ondo pasatu eta jokatzen ari direla elkar errazago komunikatzeko”.
Hilero 140 milioi erabiltzaile inguru aritzen dira Discordeko ezaugarriak erabiltzen. Hori horrela, ez da harritzekoa PlayStationek erabiltzaileen kopuru bat beraien kontsoletan mantendu nahi izatea. Ez da zehaztu akziodun bihurtzeko Sonyk ordaindutako diru kopurua, baina burtsan ateraz gero 7.000 milioi dolarretako balioa edukitzea aurreikusten da.
Iragarpen honek ez du Discorden funtzionamendua aldatuko gainerako plataformetan: PCan zein beste zerbitzuetan orain arte bezala eskainiko dituzte plataformaren zerbitzuak.
Sony akzio-gutxiengoduna egin den arren, orain hilabete Microsoftek are gehiago bilatzen zuela ezagutzera eman zen: Xboxen arduradunek Discord 10.000 milioi dolarren truke erosteko ahalegina egin zuten, eta dirudienez akordioa istekotan zegoela bertan behera geratu zen.
Iruzkinak