Koronabirusak nazioartean eragindako egoerara egokitzeko beharra izan dutela adierazi dute enpresa japoniarrekoek.
Playstation 4ak jasoko dituen azken bi bideojoko esklusibo handien argitaratze data berriak zehaztu ditu Sonyk. "Nazioarteko banaketa sistemak egonkortzen hasita", The Last of Us Part 2 eta Ghost of Tsushima kaleratuko dituzten egunak finkatzeko unea iritsi dela aipatu du Sonyren blogean Hermen Hulst Sony Worlwide Studioseko buruak.
Naughty Dogen bideojokoa apirilaren hasieran argitaratze datarik gabe geratu zen, aurretik maiatzean kaleratzeko asmoa zuten arren. Prentsa oharrean nabarmendu dutenez, The Last of Us Part 2 ekainaren 19an estreinatuko da.
Ellie eta Joelen itzulera Sonyrentzako berri txarrekin batu da. Azken egunotan bideojokoak hainbat filtrazio jasan ditu; sareetatik zabaldutako informazioak obrako tramaren hainbat xehetasun aipatzen ditu.
Printzipioz Ghost of Tsushima ekainaren 26an estreinatu behar zen, baina kaleratze data berria uztailaren 17ra atzeratu dutela jakinarazi du Hulstek.
"Lortutakoagatik Naughty Dog eta Sucker Punch osatzen duten taldeak zoriondu nahi ditut", aipatu du Worlwide Studioseko arduradunak. "Badakigu ez dela erraza helmugara iristea halako baldintzetan. Bi taldeek maila bikaineko esperientziak lortzeko lan egin dute".
Iruzkinak