Kingdom Hearts-eko protagonista urriaren 19an iritsiko da Nintendo-ren borroka jokora. Square Enix-en JRPG saga osorik kaleratuko dute Nintendo Switch kontsolan.
Super Smash Bros. Ultimateko eduki gehigarriei agur esateko ordua iritsi da. Aurretik, baina, borroka jokoaren azken pertsonaia izango dena aurkeztu du Masahiro Sakurai zuzendariak: Kingdom Hearts sagako Sora protagonista Mario, Link, Pikachu, Cloud eta bestelako pertsonaien aurka borrokatuko da.
Urriaren 19an helduko da Sora gazteak bere mugimenduak erakusteko unea. Guzti horiek ezagutzera eman ditu Sakuraik bere ohiko aurkezpen bereziarekin; azpimarratzekoa da azkena izan dela, garatzaileak behin eta berriz nabamendu duen moduan.
Square Enixeko japoniarrek Disney erraldoiarekin batera sortutako pertsonaia da Sora. Bere abenturak Donald eta Goofy ezagunekin batera bizi izan dituen arren, ez da Disneyko pertsonairik agertuko Smashen. Halere JRPGetan Sorak erabiltzen dituen mugimenduak bai ikusiko dira borroka jokoan, beste hainbat elementurekin batera.
Mugikortasun handiko borrokalaria izango da mutikoa. Airea zeharkatzeko edukiko dituen mugimenduak nabarmendu ditu Sakuraik: pertsonaiaren izenak japoniarrez “zerua” esan nahi du, eta argi dago Sora bertako erregea izango dela jokoan. Sekulako jauziak eman, borrokalekutik erortzea ekiditeko mugimendu bereziak erabili, eta nola ez, bere giltz-ezpataz eta magia desberdinez baliatuko da. Desabantailak nabarmentzearren, pisu gutxien duen pertsonaia izango da Sora, beraz hegan bidaltzea erraza izango da, batez ere indar handiko borrokalarientzat.
Jantzien aldetik lan bikaina egin dute Nintendokoek: Sorak bideo-joko nagusi guztietan erabilitako jantziak edukiko ditu, baita Timeless River munduko forma zuri-beltza ere. Kingdom Heartseko bederatzi abesti entzungo dira borroka jokoan; hamar, Kingdom Hearts: Melody of Memory-ren partida gordea edukiz gero hamargarren bat gehituko baita.
Kingdom Heartseko Hollow Bastion mundua helduko da Smashera Sorarekin batera. Lehen JRPG abenturan ikusitako gune guztiak batuko ditu borrokaleku honek, eta horrez gain Dive to Heart kokalekura aldatuko da borrokalariek bizi gutxi dutenean edo denbora amaitzear dagoenean.
Bideo-jokoaren arduradun nagusiak zehaztu duenez, orain hainbat urte Wii U-ko eta Nintendo 3DS-ko Super Smash Bros. jokoarentzat egindako inkesta erraldoieko pertsonaiarik bozkatuena izan zen Sora. Square Enix zein Disney enpresen arteko lizentziak kontuan hartuta, kostata baina azkenik lortu dute borroka jokora gehitzea.
Sorarekin batera Mii borrokalarientzako jantzi berezi berriak ere aurkeztu zituen Sakuraik, ohi bezala. Splatoon sagako Octoling ileordea eta Judd-en txapela erabili ahalko dituzte jokalariek sortutako Mii-ek. Ezusteko handiena azken jantziarekin dator: Doom tiro jokoetako Doom Slayer protagonistaren armadura osoa gehituko dute borroka jokora.
Eduki gehigarri guzti hauek urriaren 19an estreinatuko dira Switcheko Super Smash Bros. Ultimate jokoan.
Kingdom Hearts nagusiak, Switchera
Sora Nintendoren borroka jokora helduko dela aprobetxatuta, Sakuraik berak iragarri du Kingdom Hearts sagako hainbat bideo-joko kaleratuko dituela Square Enixek kontsola hibridoan.
Kingdom Hearts HD 1.5 + 2.5 ReMix ( Kingdom Hearts Final Mix, Kingdom Hearts 2 Final Mix, Kingdom Hearts: Birth By Sleep, Kingdom Hearts Re:Chain of Memories jokoekin osatuta, 358/2 Days eta Re:coded jokoen zinematikekin batera), Kingdom Hearts HD 2.8 Final Chapter Prologue eta Kingdom Hearts III izango dira Switchera iritsiko diren jokoak.
Guzti hauek hodei bidezko bertsioarekin estreinatuko dira oraindik zehaztu gabeko egun batean.
Iruzkinak