Shin Megami Tensei JRPG sagaren spin-off jokoa da. 1997an argitaratu zen lehen atala SEGA Saturn kontsolan.
Atlus garatzaile japoniarrak bere frankizia ahaztuenetako bat berreskuratu du. Trailer baten bidez aurkeztu du Soul Hackers 2: abuztuaren 26an kaleratuko dute.
Jatorrizko abenturara jokatu ez dutenek bideoa ikusita bertako munstro eta izaki batzuk ezagutuko dituzte agian; ez da harritzekoa, Shin Megami Tensei nahiz Persona frankizien spin-off jokoa baita Soul Hackers. Lehena aspaldi estreinatu zen halere: 1997an iritsi zen SEGA Saturnera Devil Summoner: Soul Hackers izenpean. Ondoren, Nintendo 3DS kontsolarako port-a jaso zuen 2013an.
Bigarren atalaren oinarrizko jostagarritasuna ez da asko urrunduko bere aitzindarienagatik: txandakako borrokak ikusiko ditugu Soul Hackers 2n. Mundu birtuala esploratu beharko da errealarekin batera istorioan aurrera egiteko, noski. Ohi bezala, apokalipsia edo munduaren amaiera gelditzea izango da jokalarien helburu nagusia.
Atlusek bere arauetako bat hautsiko du joko honekin. Plataforma bakarrerako kaleratu beharrean, PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan ikusiko dugu abuztuaren 26an.
Iruzkinak