TennoCon 2022 ekimenean iragarri dute proiektu berria: aurrekoa bezala, dohainik jokatu ahalko da.
Warframe 2013an estreinatu zenetik bideojokozaleen artean jokatuena izaten jarraitzen duen tituluetako bat da. Digital Extremes-eko arduradunek astebururako berritasunak agindu zituzten, eta halaxe izan da; izan ere, azkenik bideojoko berri batean dabiltza lanean. Soulframe MMORPG jokoa izango da.
Asteburuan egindako TennoCon 2022 ekimenean ikusi dugu lehen aldiz bideojokoa. Gizadiaren eta naturaren arteko borrokan murgilduko gara Soulframe honetan. Horrela, girotzea guztiz aldatuko dute aurreko jokotik. Xehetasun handirik eskaini ez duten arren, trailer zinematiko ikusgarriarekin egin dute Soulframen iragarpena.
Bertan zaldun misteriotsuak, magia boteretsuak eta animalia miragarriak ikus daitezke. Mundua lehengoratzea zein esploratzea izango dira abenturaren gakoetako batzuk; MMORPG titulua izanik, gainerako jokalariekin hartu emanak egongo direla ere aurreikustekoa da.
Plataformei dagokienez, momentuz PC-rako bertsioa bakarrik ziurtatu dute Digital Extremesekoek. Datorren urtean beta bat eskaintzeko asmoa dute, baina behin betiko bertsiora jokatzeko itxaron egin beharko dugu. Hori bai, Soulframe guztiz doakoa izango dela agindu dute berriz garatzaileek: monetizazio elementuak bilduko dituela suposatzekoa da, baina oinarrizko jokora ezer ordaindu gabe jokatu ahalko dugu.
Warframeri dagokionez, nahiz eta Soulframen lanean dabiltzan aurreko jokoarentzako eguneraketak eta hobekuntzak kaleratzen jarraituko dutela baieztatu dute garatzaileek.
Iruzkinak