TennoCon azokan batu dira Warframe arrakastatsuaren garatzaileak beren abentura berriko xehetasunak emateko.

Soulframe interesgarriak lehen jokagarritasun irudiak erakutsi ditu azkenik. Digital Extremes taldearen MMORPG berriaren ordu erdiko gameplay bideoa ikusi dugu: mundu misteriotsua, zaldunak, magiak eta bestelakoak ageri dira bertan.

Fantasiazko Erdi Aro berezian eta bitxian murgilduko gara online multijokalarian. Gure pertsonaia sortzeari ekingo diogu abentura hasi bezain laster: itxura ezartzeaz batera maila eta abileziak hautatuko ditugu.

Horretarako protagonistaren arbasoak oroitu beharko ditugu: sistema berezi honekin joango gara gure ahalmenak areagotzen eta hobetzen. Ezpatak, arkuteria, magia zehatzak zein iaiotasun fisikoak aldatzeko aukera edukiko dugula dirudi, besteak beste.

Dark Souls edo Elden Ring bezalako jokoetako oinarriak nabari daitezke Soulframen; hau da, duelu ikusgarriak, baina patxadaz hartzekoak eta ondo pentsatzekoak izango dira nagusi. Ezpata kolpeez eta magiez gain zeharo garrantzitsua izango da saihesteak nahiz kontraerasoak menperatzea.

Laguntza behar dugunean hau eskatzea ere posible izango da. Warframekin egin modura, kooperatiboa ahalbidetuko dute arduradunek Soulframekin; horrela, beste jokalari batekin misioak betetzen ibili ahalko gara.

Nabarmentzekoak dira etsai nagusien aurkako norgehiagokak. Bideoan zaldun baten eta usteldutako orein ikaragarriaren kontrako borrokak ikus daitezke: musika zoragarriarekin, zailtasun latzekoak izango direla ulertzen da.

Midrath izeneko irla esploratzeari ekingo diogu, gainera. Gune bitxi zein ederrak zeharkatuko ditugu Soulframen; izan ere, aurkeztutako demoak leku benetan bereziak erakutsi dizkigu dagoeneko. Hauek ziztu bizian zeharkatzeko otso erraldoiaren laguntza jasoko dugu.

Hizketaldietan ere parte hartuko dugu: gainerako gizakiekin zein diseinu zoragarria duten izakiekin ariko gara berbetan, eta une horietan ere rol zertzeladak ikusiko ditugu. Alegia, erantzun batzuk ematerakoan gure trebetasunak kontuan hartu beharko dira.

Soulframek ez dauka ez argitaratze datarik, ez baieztatutako plataformarik —PC-rako argitaratuko dutela suposatzekoa da, hori bai—. Doako abentura izango dela baino ez dakigu.

 

Warframez ahaztu gabe

Iragarpena TennoCon azokaren baitan egin dute Digital Extremesekoek. Soulframe sakontasunean erakutsi badute ere, ez dute Warframe alboratu: eguneraketak, jantziak nahiz mugikorrerako bertsioa aurkeztu dituzte ekitaldian.

Whispers In The Walls izango da doako jokoak aurten jasoko duen eguneraketa handia. Istorioaren erantzunak emango dituztela diote garatzaileek, eta hogei bat minutuko jokagarritasunaz gozatu dugu.

Datorren urtera begira, Warframe 1999 espantsio erraldoia kaleratuko dute. Jokoaren erroetara itzuliko direla agindu dute garatzaileek; hau da, hack and slash borrokei nagusitasuna eman nahi diete.

Bukatzeko, Warframen iOS gailu mugikorretarako bertsioaren izen ematea abian jarri dute. Oraindik ez dute argitaratze datarik zehaztu, baina iOSekoek gainerako plataformetako jokalariekin batera jokatuko dutela ziurtatu dute.