Xbox Series kontsoletan nahiz PCan kaleratuko da Compulsion Games-en akziozko abentura ederra.
South of Midnight Xbox Developer Direct aurkezpenetik igaro da. Kontatuko digun istorioaren inguruko bideoa eskaintzearekin batera argitalpen data zehaztu du: apirilaren 8an estreinatuko da.
Hazel gaztearen rola jokatuko dugu Compulsion Gamesen tituluan: berarekin batera Louisiana hegoaldeko bayou girotzean murgilduko gara… berezitasun batekin; izan ere, errealitatea mundu magikoarekin elkartuko da abenturan.
AEBetako hegoaldeko folkloreko istorioak eta kondairak ezagutuko ditugu protagonistaren ama salbatzeko abenturan aurrera egin ahala. Esplorazioa eta borrokak dira jokoaren ardatza, guztia narratiba sakonarekin uztartuz; dena lotzeko, atal grafiko ederraz gozatuko dugu, egungo animazio filmeek erabiltzen duten irudien tasa baxuak eskainitako efektu bereziarekin —nahi izanez gero, desaktibatzeko aukera egongo da jokatzerakoan!—.
Istorioaren bideoan zenbait pertsonaia ezagutu ditugu, baita buruzagiren baten aurkako dueluren bat ikusi ere. Tematika bereziak harrapatu gaitu dagoeneko, jokagarritasun aldetik goraipatzeko lana den ikustea geratzen zaigu oraindik.
Ez dugu askorik itxaron beharko, behintzat: aipatu modura, apirilaren 8an estreinatuko da South of Midnight. Xbox Series X zein S kontsoletan eta ordenagailuetan jokatuko dugu.
Iruzkinak