Microids frantsesa run and gun erako jokoa garatzen ari da kontsoletarako zein PCrako.

Cobra manganimeak bideojoko berria jasoko duela iragarri du Microids taldeak. Space Adventure Cobra – The Awakening izenpean, 2.5D plataforma eta akzio abentura abuztuaren 26an kaleratuko da.

Korri eta tiro egin (run and gun) mekanikak biltzen dituela esan daiteke, Contra edo Metal Slug klasikoen antzeran, iragarpen bideoa ikusita. Cobra espazioko pirata, Lady Armaroid taldekidea zein Jane kontrolatuko ditugu dozenaka etsai akabatzeko, askotariko planetak bisitatzen ditugun bitartean.

Protagonista bakoitzak abilezia bereziak edukiko dituela ageri da: Cobrak, adibidez, bere tiroak kontrola ditzakeela dirudi, kolpekaria behin zanpatuta hainbat arerio birrintzeko; gainera, puru leherkariarekin zein gakoarekin plataforma erronkak gainditzeko gai izango gara.

Bi jokalarirentzako kooperatiboa agintzen dute egileek, run and gun jokoetan ezinbestekoa. Buruzagien aurkako borrokak ere biziko ditugu: hondoko planotik erasoko diguten etsai nagusi erraldoiak aurkituko dituzte gure protagonistek, besteak beste. Istorioari dagokionez, anime originalaren lehen hamabi atalak hartuko ditu bideojokoak.

Magic Pockets arduratuko da The Awakeningen garapenaz, Microidsek argitaletxe lanak burutuko dituen bitartean. Egia da, Microidsen ibilbidea ez dela zuzenena izan: Tintin Reporter – Cigars of the Pharaoh-rekin garapen arazo nabarmenak izan zituzten Pendulo estudio espainiarrarekin batera. Hala eta guztiz ere, komiki zein telesail mitikoetako bideojoko modernoak garatzeko joera hartuta, obra interesgarriren bat edo beste kaleratu dute azken urteotan.

Space Adventure Cobra – The Awakening, itxura batean, Buichi Terasawa mangakaren lana omenduko duen bideojokoa izango da. PlayStation, Nintendo zein Xbox kontsoletan eta PCan jokatu ahalko dugu abuztuaren 26tik aurrera.