Hiru jokalariko taldeen arteko borrokak proposatuko ditu PCan: beta itxia prestatzen dabiltza.
Quantic Dream talde frantsesak Spellcasters Chronicles iragarri du. Jokatzeko doakoa formatua jarraituko duen multijokalari lana izango da.
Modu horretara, orain arteko estudioaren ohiko premisetatik guztiz aldenduko dira; alegia, Heavy Rain, Beyond: Two Souls nahiz Detroit: Become Human bezalako abentura narratiboengatik da ezaguna Quantic Dream.
Hirugarren pertsonako akzio eta estrategia titulua izango da Spellcasters Chronicles. Hiru jokalariz osatutako bi talde elkarren aurka jarriko ditu: egileen arabera, “zeruko borroka dinamikoak” dira ardatz nagusia. Pizti hegalarien gainean ariko diren aztiak izanik: armadak inbokatzea eta hauek gidatzea da gure helburua, baina, aldi berean, aztikeriekin eta magiekin borrokatuko gara.
MOBA elementuak dituzten partidetan arerioaren baseak suntsitzea bilatu beharko dugu, gure tropak kontrolatuz eta erabaki bizkorrak hartuz.
Beta itxia abiatuko dute “laster” PCan, lehen probak egiteko. Izen ematea jokoaren webgune ofizialean argitaratu dute.
Star Wars proiektua, bizirik
Iragarpenak ezustean hartu du bideojokozaleen komunitatea, baina Quanticek bere jarraitzaileak lasaitzeari ekin dio; izan ere, 2021ean iragarritako Star Wars Eclipse proiektuarekin lanean dihardutela berretsi dute frantsesek. 2018. urtetik gaur egunera “lantaldea bikoiztu” dela aipatzen dute arduradunek, Montrealen estudio berria irekita. Hori dela eta, “arriskatzea” bilatu dute.
Eclipseren xehetasunak eta informazioa gordetzen jarraituko dute, oraingoz, Quantic Dreamekoek. Hala ere, estudioaren jokoen ohiko formatua jarraitzen duen abentura narratiboa izango dela dirudi.
Iruzkinak