Urriaren 20an estreinatuko da: PlayStation 5 kontsolarako prestatzen dabiltza esklusiboki.
PlayStationek eta Insomniac Games estudioak euren hurrengo titulu handiaren bideoa aurkeztu dute. Peter Parker eta Miles Morales heroien arteko harremanean sakondu dute Marvel’s Spider-Man 2ren istorio trailerrean, baina, are garrantzitsuago, Venom superbilaua mugimenduan lehen aldiz erakusteko aprobetxatu dute.
Lehen jokoaren amaiera ikusi zutenek ondo jakingo duten arren, orain arte Venomen identitatea zehaztu gabe utzi dute jokoaren garatzaileek. Tira, ba aurreikusten zena beteko dutela dirudi: Harry Osborne, Peter Parkerren lagunik onena —eta Norman Osborn Green Goblin zitalaren semea— hartuko du oraingoan espazioko sinbionte maltzurrak.
Harry bakarrik ez, aurreko bideoetan ikusi dugun bezala Peter ere eraldatuko du, Spider-Manen jantzi beltza eskainita, baita bestelako botereak ere. Parkerrek lehen jokoko bermasterizazioan jasandako aurpegi aldaketa mantenduko du —zale askok originala gustukoago dute—, eta Mary Jane-k ere diseinu aldaketa nabarmena jaso duela dirudi.
Sinbionteak eragindako nortasun aldaketetan sakonduko du jokoak, aldi berean Peterren eta Milesen borrokari hasiera emanez; izan ere, bi Spider-Manak kontrolatuko ditugu abentura honetan.
Arerio gehiago ikusiko ditugu PS4ko bideojokoaren jarraipenean: tituluko beste gaizto nagusietakoa Kraven ehiztaria izango da. Bere armadaren aurka egin beharko dugu abilezia zein mugimendu berriak erabilita.
Ahalmenen artean nabarmentzekoa da planeatzearena: aramusareak erabilita Manhattan zeharkatzeko aukera edukitzeaz gain, ziztu bizian hegan ariko gara oraingoan.
Ez da askorik geratzen Marvel’s Spider-Man 2 esku artean edukitzeko: urriaren 20an merkaturatuko dute. Hori bai, PlayStation 5eko erabiltzaileek soilik jokatu ahalko dute, kontsolako esklusiboa izango baita.
Iruzkinak